Jo eta fuego ari dira Berriozarren lanean Topagunea prestatzeko
Topagunerako beharrezkoa den guztia prestatzeko, egun hauetan Ernaiko kide ugari lanean dabil Berriozarren. Herriko toki ugaritan egingo dituzte ekitaldiak, baina eskolen ondoan jarri dute gune nagusia. Aurten, karpa altxatu den tokia asfaltatuta egongo da eta ez da iaz izan zuten lokatzik izango. Ezkaba mendiak babestuko ditu.

Ernaiko kide ugari lanean dabil egun hauetan Berriozarren, bihar abiatuko den Gazte Topagunerako dena prestatzeko helburuz. Ekitaldi guztiak atontzeko 150 lagun izen emanda daude antolakuntzan. Ikasketak eta lan kontuak direla eta, askok ezin izango dute gaur arte Berriozarrera heldu. Atzo, esate baterako, 60 lagun ziren jo eta su zebiltzanak. Batzuek asteburuan ere lanean jardun dute. Baina gaur denak lanean arituko dira, bihar ezerk huts egin ez dezan.
Ane Alavak eta Amaiur Egurrolak azaldu digutenez, Topagunearen antolakuntza Ernairen lan militantearen zati bat da, eta Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako gazteek elkar ezagutzeko aukera ematen du. Erronka da Ernairentzat tamaina honetako ekitaldia antolatzea. «Elkar ezagutzeko tresna izateaz gainera, eskola ere bada hau. Denetik ikasi dugu azken egunotan: eszenatokiak muntatzen, aldamioekin lan egiten, iturgintza, elektrizitatea...», diote.
ESPAZIO UGARI
Topaguneak Berriozarko gune ugari hartuko ditu. Esate baterako, Euskal Herria plazan NAIZ Gunea paratuko da. Eguzki plazan txosnak eta ostiralean gazte bazkaria egingo dituzte. Kulturgunean, ludoteka zaharrean eta Gaztegunean ere hitzaldiak izango dira. Dutxak eta furgonetentzako aparkalekua ez dira faltako. Prestatzen ari diren jantokian eguneko menua izango da aurten, aurreko urteetako maila igoz: «Aukera anitza eta merke-merkea izango da».
Baina gune handiena eskolen ondoan izango da, eta handik oso hurbil kanpalekua. Aurreko urteetan ez bezala, Berriozarko gune nagusian ez da lokatzik izango. Leku asfaltatu batean altxatu dute karpa eta, beraz, arazo hori gainditutzat eman daiteke. Karpa nagusitik kanpalekura joateko bidea ere asfaltuta dago, eta aurreko urtean baino garbiagoa eta erosoagoa izango dela aurreikusten da. Hori bai, dendak belardi batean jarriko dira, baina atzo txukun irauten zuen, goiz osoan euria egin bazuen ere.
«Euriari aurre egiteko prest gaude -zihurtatzen dute-. Berriozarren infraestruktura asko dago, eta baita aterpe ugari ere. Baina iaz ikasi genuen euripean ongi pasatzeko aukera ere badagoela. Euripeko iragan urteko giroa itzela izan zen. Jendea kexatu ahal zen kanpalekuaren egoera ez zelako batere ona. Hala ere, jendearen jarrera eta sortu zuten giroa izagurria izan ziren».
Topagunean protokolo feminista izango da, edozein erasori aurre egiteko. Urte osoko lanketa eta Topagunearen ekitaldi guztiek izango dute ikuspegi eta berme feminista. Eta aurten lehen aldiz eraso arrazistei aurre egiteko protokoloa ere izango dute. Azkenaldian gai honen inguruan lanketa egin dute Ernain, eta lehen urratsak egiten ari dira: «Txuritasuna eta arrazakeriaren inguruan hausnarketa egitea beharrezkoa zen».
Sarrerak eskuratzeko aukera dago oraindik webgunean eta Nafarroako zenbait tabernatan. Webgunea berritu dute, Topagunearen ingurukoak argiago azaltzeko.

¿Qué es lo que defiende Aritz Otxandiano sobre las renovables?

Gogora quiere meter a ETA también en el Memorial 3 de Marzo de Gasteiz

Urkullu crea un lobby con Petronor, Iberdrola, Kutxabank y el BBVA

Fallece la expresa Gloria Rekarte Gutiérrez, colaboradora de GARA durante dos décadas
