Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Globalizazio hotza!

Aste santuan gara, aurten ere. Aste holakoa! Kristo haren gurutze-bideko pasioa gogoratzeko astea berau; gaur-gaurkoz, han-hemengo kristo sozioekonomiko guztiek ekarri dituzten bestelako gurutzeen pasioa alde batera utzita, astebetez behintzat. Kristo asko eta askotarikoak diren seinale, nork bereak. Omen, Amen! Turuten hotsak hiriko kale batzuk hartu ditu, espaloiak zalez eta begiluzez tentsionatu arte hartu ere. Prozesio borroka-edo, kofrade guztiak aurpegia txanoz ezkutatuta. Eta ortozik! Kantu hura gogoan: «Hats, hats, bizion oinok!», kale bazterreko zuhaitzetako txoriak konortea galduta buruz behera utzi arteko hatsa... Tu-tu tuturutu...

Tira, harira! Itzulia joana da eta albistea bigarren mailako errepideetatik ustez kapazitate handikoa duten autobideetara da pasatua; irteera operazioa. Bestelako prozesioa gurutze-bide batzuetan. Eta bihar etorrera operazioa, pasioa bizitzeko bestelako modua. Nork berea: abiadura izan, espazioa izan edota denbora izan! Hori bai, errepideetako ekosisteman espezie berria da ageri: Ertzaintzaren auto berriak! EAJ-BMW! Eta aberri egunean ere prozesioak, han-hor, nork bere prozesuaren barruko ekitaldia, prozesuan jartzean probatzen baita zelakoa den prozesioa. Hori bai, aurpegia agerian han-hor! Arraroa egin zait inork Ezkiora deitu ez izana...

Tira! Kaleratutako azken datuek aurrekoei eman diete segida, planeta gero eta beroago dago. Atmosferako klimaz ari naiz orain. Beroketa globala! Kolpea, gero, noiz eta globalizazioa hozten ari den honetan. Globalizazio hotza! Atera kontuak, merkatuek, solido izateko, likidezia behar omen dute! Burtsa ala hil! Harrapa ezak/n! Irak/n! Pasio osteko Pazko astean segitu beharko dut planeta hau ulertzen saiatzen, abiadura, espazioa eta denbora bestelako moduaz uztartzen...