21 MAR. 2014 Jai parekideak Berdintasun Planetik kanpo ez uzteko deia Irungo Udalari Irungo feministek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta EAEko berdintasun teknikariekin batera, Udalak III. Berdintasun Plana osatzean egin dituen irregulartasunak salatu dituzte. Maider IANTZI Irungo Udalak III. Berdintasun Plana osatzeko prozesuan izan duen jarrera gaitzetsi zuten atzo Bilgune Feministak, Aukeran elkarteak, EAEko hainbat berdintasun teknikarik (tartean, Arrasate, Basauri, Zarautz, Eibar, Donostia, Getxo eta Lakuako Gobernukoak) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin egindako agerraldian. San Juan plazan, udaletxearen aitzinean, «alardearen gatazka konpontzeko neurriak planaren zirriborrotik kanpo uzteko hartu duen alde bakarreko erabakia alda dezala» eskatu zioten gobernu taldeari. Oihana Llorente Irungo Bilgune Feministako kideak azaldu zuenez, Elhuyarrek gidatutako parte hartze prozesu baten baitan egin da plana. Elkarte hori salaketatik erabat kanpo uzten dutela argituta, prozesuan «irregulartasun larriak» gertatu direla nabarmendu zuen. «Hainbat bileratan parte hartu ostean, Elhuyarrek hamalau puntutan oinarritutako plan bat egin eta udal gobernuari helarazi zion. Plan hori, baina, ez zen gure eskuetara iritsi», esplikatu zuen. Horren ordez, hamahiru puntu bertzerik ez zituen programa aurkeztu zien Irungo Udalak, jai parekideei zegokion puntua «zentsuratu» eta gero. «Planaren diagnostikoan Irungo jaietan bizi den gatazkaren berri ematen da, gatazkak, baina, ez du islarik ekintzen alorrean». Jarrera aldatzen ez badu, «emakume elkarteen parte hartzearekin garatutako plan tekniko bat izatetik, plan politiko eta partzial bat izatera pasako da. Eta argi eduki, kasu horretan, ez dugula defendatuko», bukatu zuen Llorentek. Hogei teknikariren testua Ildo beretik doa EAEko hogei Berdintasun teknikarik sinatutako testua, Aurora Iturrioz Urola Kostako teknikariak irakurri zuena. «Oso arriskutsua da berdintasun politiken edukien inguruan iruzurra egitea», ohartarazi zuen, eta eduki horien «zintzotasuna eta zilegitasuna» aldarrikatu zituen. Horretarako, diskriminazioa ematen den gunea eta diskriminazioaren oinarriak aztertu eta landu behar direla ikusten dute. Laura Gomez Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak bat egin zuen feministen ahotsekin, eta Udalak alardeaz «eztabaidatzeari eta akordioetara iristeari uko» egin izana kritikatu zuen. «Horrela, ihes egiten dio erakunde publiko gisa duen erantzukizunari, eta emakumeek egitura sozialetan duten mendeko papera legitimatzea ahalbidetzen du», salatu zuen.