Oihane LARRETXEA

Aranzadik ez du Fraisoro haur etxeko adopzioetan irregulartasunik atzeman

Aranzadi zientzia elkarteak, Gipuzkoako Aldundiak hala eskatuta, 1940 eta 1970 urteen bitartean Villabonako Fraisoro haur etxean egin ziren adopzioak ikertu ditu. Irregulartasunik ez atzemateaz gain, administrazioak «etxeko lanak» bete zituela ondorioztatu du.

Urte eta erdiko ikerketa lanak egin ditu Aranzadi zientzia elkarteak, Gipuzkoako Aldundiak Villabonan kudeatzen zuen Fraisoro haur etxean 1940 eta 1970 urteen artean egin ziren adopzioak zein baldintzatan egin ziren zehazteko. Erakunde publikoa «zorroztasunez» aritu zela ondorioztatu du ikerketak, eta horren berri eman zuten atzo Donostiako Batzar Nagusietan elkarteko Eva Garcia eta Laura Pego ikerlariek.

Bost hamarkada horietan bertatik pasa ziren 2.627 umeetatik 2.579ren espedienteak aztertu ditu Aranzadik. 30 ez dituzte topatu eta beste 18 Aldundian edo epaitegietan daude, batetik zein bestetik eskatuak izan ostean.

Garciak azpimarratu zuenez, haurren erdiak baino gehiago (%50,5) beren amarekin bueltatu zituzten, umeaz erditu eta lana bilatu bitartean Fraisoron uzten baitzituzten. Hala ere, azaldu zutenez, urte batzuk igaro ostean eta haurra ordurako adoptatua egon arren, amak bere seme edo alaba itzul ziezaiotela eskatzeko eskubidea zuen, eta kasu guztietan haurra bueltatu egiten zitzaion ama biologikoari. Kontrako kasu bakarra atzeman dute, zeinean epaitegiek familia adoptatzailea babestu zuten.

Gainerako umeei dagokienez, ikerketak ondorioztatu du epe horretan 171 ume hil zirela, gehienak 1944 eta 1947 urteetan egondako bi izurriteengatik. Datua garaiko heriotza tasa baino baxuagoa dela azpimarratu zuten, besteak beste, zentroaren kalitatezko «elikatze eta zaintzak» tarteko. Zentzu horretan, Pegok esan zuen Fraisoro Estatu mailan erreferentea zela.

Beste 107 ume, azkenik, lurraldeko beste zentro batzuetara bideratu zituzten, bost urte betetzean protokoloak hala agintzen baitzuen. Kasu gehienetan Tolosako Miserikordia Etxera eramaten zituzten; han bestelako arazoak zituzten helduekin nahasten ziren. Lehentasuna, hala ere, familia adoptatzaileak topatzea edo ama biologikoari bueltatzea ziren.

Adopzioez luze mintzatu ziren Aranzadiko kideak. Horiei dagokienez, Fraisorok adoptatzaileen aukeraketa «zorrotza» egiten zuen, baita adopzioen jarraipena ere, umearen ongizatea babestua zela ziurtatzeko.