07 ABR. 2014 Billabong XXL izendapenak: Ez dute arrakastarik izan aurten Europan hartutako irudiek Europako kostaldea itsaski bortitzek kolpatu dute azken hilabeteetan eta sekulako irudiak hartzeko aukera izan dute surflariek, baina XXL izendapenetan ez dute arrakastarik izan. Kategoria guztien artean olatu europar bakarra izan da izendatua, Belharran hartutakoa. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Aurtengo Billabong XXL lehiaketarako hautagaiak aditzera eman dituzte, eta, Europak, kontrakoa uste bazen ere, ez du arrakastarik izan, izendapen bakarra jaso baitu. Berau, gainera, kategoria apalenetako batean jaso du. Azken hilabeteetan Europako kostaldean izandako itsaski handiei esker olatu handietako zenbait surflarik sekulako irudiak lortu zituzten. Aurtengoan, XXL izendapenetan irudi horiekin hautagai izateko aukera handiak zeuden ustea oso zabalduta zegoen, baina, azkenean, hautagaitzetarako izendatutako olatu eta surflariak aurkeztu dituzte eta uste guztiak zapuztu dira. Nazare, Mullagmore edo Belharran hartutako irudi ikusgarriek, esaterako, ez dute oihartzun handirik izan eta epaileek hartutako erabakiak harridura handia sortu du jarraitzaileen artean. XXL izendapenak Billabong XXL izendapenak «surfaren Oscar sari» gisa ezagutzen dira, eta AEBetan egiten den luxuzko ekitaldi batean aurreko hamabi hilabeteetan munduan zehar hartutako olatu handienak saritzen dituzte, Hollywooden egin ohi den festa ezaguna eredu. Bi itzulik osatzen dute olatu handietako imajinen lehiaketa berezi hau. Epaileek jasotako irudiak sailkatu eta horien artean batzuk hautatzen dituzte lehen itzulian. Bigarren itzulian, berriz, finalean zeintzuk izango diren erabakitzen dute. Finalerako hautagaiak normalean Los Angelesen egin ohi den ekitaldira gonbidatzen dituzte, eta ekitaldian bertan ematen dituzte aditzera irabazleen izenak. Beraz, lehenik irudietako protagonistak izendatzen dituzte eta gero irabazleak hautatzen dituzte. Surfaren industrian lan egiten duten kide, surflari eta surflari ohiak dira epaileak, 250 guztira, eta haiek onartzen duten moduan emaitza oso subjektiboa izan daiteke. Kategoria bakoitzeko irabazlea zein den hautatzeko iritzi anitz izaten da, beraz. Kategoria batzuek besteek baino ospe handiagoa dute; urteko surflaria, tubo handiena edo arraun eginda hartutako olatuaren izendapenak kasu. Hori sari gisa ematen den diru kopuruan ere ikusten da, gainontzeko kategorietan diru sariak apalagoak baitira. «Urteko surflari» izendatzen dutenak jasotzen du sari handiena, 50.000 dolar estatubatuar. Tubo handiena egiten duenarentzat saria 15.000 dolarrekoa izaten da. Olatu handiena hartzen duenarentzat saria apalagoa da, 10.000 dolarekoa, izan ere, gehienetan olatu handiena hartzeko uretako moto baten laguntza izaten da, eta horrek meritua kentzen dio balentriari. Diru sari txikiena ematen duen kategoria, berriz, erorketa handienaren saria izaten da, 2.000 dolarreko diru sariarekin. Anglosaxioak nagusi Shane Dorian, Billy Kemper, Greg Long eta Shaun Walsh izan dira «urteko surflaria» titulua eskuratzeko aurtengo izendatuak. Bost surflari hauek olatu handiak arraun egiten hartu eta berauek maisutasunez menderatzeko duten abilezia erakusteko gai izan direlako izendatu dituzte. Moto baten laguntzaz hartutako olatuengatik ere izendatuak izan daitezke lehiakideak, baina oso gutxitan gertatzen da hori. Gehienetan arraun eginda hartutako olatuaren irizpideak indar handiagoa izaten du epaileentzat. Aurtengoan «urteko surflari» izateko izendatuak izan direnek arraunean hartu dituzten olatuen irudiak hiru urautsitan lortutakoak dira; Jaws, Dungeons eta Puerto Escondidon, hain zuzen ere. Bestalde, Padle Award titulua dago, arraun eginaz hartutako olatu handiena hautatzen duena, eta kasu honetan ere ez da urautsi europarrik, ezta ingelesa ez den beste hizkuntza bat hitz egiten duen surflari izendaturik ere. Anglosaxoiak nagusi, beraz. Grant Beaker, Shaun Dollar, Aaron Glod, Mark Healey eta Mark Marthews izan dira izendatuak kategoria honetan; guztiak, esan bezala, anglosaxoiak. Olatu handienaren sariak ez du indar handirik, esan bezala, uretako moto baten laguntzaz hartutako olatua izaten baita izendatua. Saria ere, besteekin alderatuta, apalagoa izaten da; beraz, kategoria honetan izendatuak izaten diren surflarien poza apalagoa da. Hainbesteko garrantzia ez duen kategoria honetan bakarrik ikusi ahal izan da urautsi europar baten izena. Urruña parean altxatzen den Belharra urautsian pasa den abenduaren 22an Gautier Garanx surflariak hartutako olatu bat izan izendatu dute Biggest Wave kategorian. Berekin batera, Nazaren hartutako bi olatu desberdin, bata Carlos Burlerena eta bestea Andrew Cottonena, izan dira izendatuak. Baita Jawsen hartutako beste bil olatu ere, bata Francisco Porcellak hartutakoa, eta, bestea, berriz, Ian Walshek hartutakoa. Tubo handienaren kategorian, berriz, Teahupoko hiru olatu, Jawseko olatu bat eta Tasmanian hartutako beste tubo bat izendatu dituzte. Izendatutako surflariak, aldiz, Kai Lenny, Alain Riou, Koa Rothman, Laurie Towner eta Raimana Van Bastolaer dira. Lehen txandan izendatuak izan diren lehiakideen izenak eman dituzte beraz, eta orain, bigarren itzuli batean izendatuen artean hautatuak nortzuk izango diren jakitea falta da. Epaileen erabakiaren berri, urtero bezala maiatzean Kalifornia hegoaldean egiten den luxuzko festa batean emango da.