23 SET. 2014 Hondakinak biltzeko sistema berria jarriko dute Donostiako Parte Zaharrean GARA Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Parte Zaharreko hondakin-bilketa sistema berria San Juan kalearen eta kaiaren artean gauzatuko da (biak barne), bi helburu nagusirekin: auzoan bizi edo lan egiten dutenek auzo txukunagoa eta garbiagoa izatea, eta birziklatze tasak handitzea, Donostiak 2016rako %60 birziklatzeko xedea baitu. 110.000 metro karratu ditu auzoak, 4.270 biztanle, 179 ostalaritza leku eta 269 denda. Hiriaren gunea eta bihotza da, donostiarren topalekua eta bisitarientzat leku erakargarria. Baina, Udalak ohartarazi duenez, hondakinak arazo bihurtu dira. «Horregatik, Parte Zaharrak hondakinak biltzeko plan berria merezi du, auzoa bizitzeko eta lan egiteko leku hobea izan dadin». Bilketak, faseak eta abantailak Bi bilketa mota jarriko dituzte, bata bizilagunentzat eta bestea profesionalentzat. Bizilagunek azaleko eta lur azpiko edukiontziak izango dituzte frakzio bakoitzeko, baita hondakin organikoen edukiontzi solteak ere. Materia organikoa eta errefusa edukiontzietan uzteko ordutegi mugarik ez dute izango, asteko zazpi egunetan eta 24 orduz utzi ahalko dituzte. Materia organikoaren edukiontzirako txartela eskatzen duten bizilagunek etxean jasoko dute. Iraileko aurre-informazio fasearen ondotik, urria-azaroan sistema berria abiatu eta materialen banaketa egiteko asmoa dute. Abendurako trantsizio fasea dago aurreikusita, eta urtarrilerako, ordenantza berria indarrean jartzea. Plan berriak abantailak eta onurak dakartzala nabarmendu dute sustatzaileek: gizartearentzat ez ezik, ingurumenaren eta ekonomiaren aldetik ere onuragarria da.