03 DIC. 2014 EUSKARAREN EGUNA Mila ospakizun, baina onena mintzatzea Portugaleteko irakurraldi etengabetik Londreseko mintzapraktikara, eta gaur aktibatuko diren .eus domeinuei esker, mundu birtualera ere bai. Bidasoaren magaleko mintzodromora, Bermeon jaioberriei eskainitako bertsoetara... Ez 365 egunetik batean soilik. Idoia ERASO -Maider IANTZI Orriotan sartzen ez diren denetariko ekintzen artean, bereziak iruditu zaizkigun batzuk aukeratu ditugu lagin gisa, Euskararen Eguna ospatzeko erak erakusten dituztelakoan. Halere, bada jarduera bat errepikatzen dena eta oraindik gehiago errepikatu beharko litzatekeena, sinplea dirudiena baina gakoa dena, mingaina astintzearena. Hori da duela bost urte Donostian sortu eta Euskal Herri osora zabaldu diren mintzodromoen funtsa. Urtemuga dela-eta, Gipuzkoako hiriburuan belaunaldien arteko mintzodromo berezia antolatu dute gaur eguerdian, San Telmo Museoan. LORE JOKOAK Baionan, artea eta gogoeta Seaskako lizeoak Lore Jokoak antolatu ditu Euskararen Egunaren karietara. Bernat Etxepareko ikasleek narrazio, olerki, bertso edota marrazkiak eginen dituzte. Hainbat gonbidatu berezi ere hurbilduko dira Baionara, hala nola Argitxu Camus historialaria, Amets Arzallus bertsolaria, Paxkal Irigoien musikaria eta Aretz Iguiniz errugbilaria. Anton Abadiak XIX. mendean euskal letrak bultzatzeko asmoz sortu zuen ekimenaren ereduari segituz, gai bat proposatu zaie, «Harresia», eta horren inguruan izanen dira obrak. Ikuspegi artistikoaz gain, etorkizunari begira euskararen erronkak aztertzeko mintegia antolatu du Euskal Konfederazioak Baionako unibertsitatean. «Zer perspektiba euskararentzat ondoko urteetan? Zer-nolako hizkuntza politika berreuskalduntze prozesuan egiazko urratsak emateko», galderei erantzuteko hainbat hitzaldi eta mahai-inguru antolatu dira. LEHEN FILMA «Gure sor lekua» 1956an Hazparnen estreinatu zen aurreneko euskarazko pelikula, galdutzat emana zena, berreskuratu eta zuzeneko musikaz lagunduta proiektatuko dute Bilbon. -Gure Sor Lekua- da filmaren izena eta Andre Madre hazpandarrak sortua da. Egilearen sorlekuan ez ezik, Euskal Herriko eta diasporako bertze hainbat lekutan ere erakutsi zen lana bere lehenbiziko bizialdian. Gero, historiak ahantzi eta galdutzat jo zen, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko NOR ikerketa taldeko Josu Martinezek 2012an kopia mutu bat aurkitu zuen arte. Iaz, data hauetan, filmaren bertsio laburtua eman zuten Hazparnen, 1956an estreinatu zen zinema berean. Zuzeneko musika baliatu zuten, gaur Bilbon eginen den bezala. Joserra Senperenak propio konposatutako musika originala Xare/Hertz laukoteak interpretatuko du, Iñaki Goirizelaia errektorea, Andre Madre zuzendariaren alarguna eta Josu Martinez ikerlaria bertan direla. Ekitaldia ederra izanen dela eta animatzeko erran nahi dio azken honek jendeari. EHUk antolatutako emanaldia 19.30ean da, Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan (Abandoibarra 3, Bilbo). Irekia da, baina guresorlekua@ehu.es helbidera idaztea komeni da. Martinezek GARAri kontatu dio bukatu berri duen zinema dokumentalaren inguruko tesiaren fruitu bat dela lana. Historiografiak apenas aipatu du dokumental hau, guztiz ezezaguna zelako, eta hari buruz emandako datu urrietan, ez zen ageri euskaraz izan zitekeenik. Hilabetetako ikerketarekin informazio lausoa argitzea eta Parisen egilearen alarguna lokalizatzea lortu zuen EHUko taldeak. Hark zeukan etxean soinurik gabeko kopia hau, musikarekin muntaia egiteko erabili dutena. «Gure Sor Lekua» ordu eta erdi irauten duen koloretako dokumentalak garaiko euskaldun baten bizitza kontatzen du, jaiotzen denetik hiltzen den arte, Andre Madrek irudikatzen zuen bezala. Zazpi probintzietako leku eta herri pila bat agertzen dira. Madre jenerala zen, Euskal Herritik kanpo bizi zen eta diasporako euskaldunentzat egin zuen filma, sorlekua iruditan ikusiz, haien herrimina arintzeko asmoz. Hitzak Jean Elizalde idazle, apaiz eta euskaltzainak idatzi zituen. Madrek egin zuen pelikula bakarra izan zen. Martinezek haren inguruko tesia defendatuko du gaur goizean. EUSKALKIEN TRENA Koldo Artola Euskararen Eguna ospatzeko, Nafarroako hainbat herritako azken euskal hiztunen testigantzak biltzen dituen liburu etnografikoa aurkeztu du Aranzadik: «Ziorditik Uztarrozeraino: Nafarroan, euskararen hegoaldeko mugetan barrena, 1983an», Koldo Artolarena. Tren ttiki batekin konparatu du egileak lana, geltokiz geltoki, azpieuskalkiz azpieuskalki egindako bidaia batekin. Burunda, Arakil, Aezkoa, Zaraitzu, Erronkari... Berezitasunez jositako ibarrak dira. 560 galderaz osatutako inkesta bati erantzunez, makina bat kontu kontatzen dituzte elkarrizketatuek: Mandoa nola ferratzen zuten, gazta nola egin, Corpus prozesioa nolakoa zen, sorginkerien istorioak... 75 urtetik gorakoak dira aunitz, batzuk 90 urte baino gehiagokoak. Artolak duela 30-15 urte egin zituen elkarrizketak galdutako mila hizkeraren memoria bizia dira, irakurtzeaz gain, aditu ere egin baitaitezke solasak, liburuarekin batera datorren CDari esker. Galdutakoak diogu, herri batzuetan zenbait berezitasuni eutsi badiote ere, eta ikastolek euskarari bizia eman badiote ere, gaurko euskaldunek ez dituztelako forma zaharrak erabiltzen. LONDRESEN Euskararen ilusioa lokarri Munduko bertze hainbat txokotan bezala, Londresen ere ospakizun politak antolatu dituzte Euskararen Egunaren harira. London Euskal Elkarteko irakasleak, Tafallako Maider Bellosok, kontatu digunez, aurten asteazkenean tokatzen denez eta jendea biltzea zailagoa denez, larunbatera aurreratu zuten hitzordua. Mintzapraktika egin zuten, «ospatzeko hoberena mintzatzea delako». Euskara ikasleak eta euskaldunak elkartu ziren, adin eta herri ugaritakoak: Londresekoak, galestarrak, Euskal Herrikoak, kataluniarrak, espainiarrak... Jarduera erraza izan zen, baina polita. Egun osoa euskaraz solasean, denak kontent. Hamabost urte igaro dira London Euskal Etxea Euskal Zentro Kulturalen sarean sartu zenetik. «Hainbat gauza lortu ditugu ordutik, baina beste milaka kontu geratzen dira egiteko», dio Bellosok, besteak beste etxe iraunkor bat izatea, orain bulego bat baitute soilik. Euskara irakasteko zentro ofiziala dira. Momentu honetan hiru talde dituzte, bakoitza sei-zortzi lagunekoa. Euskal kulturarekin zerikusia duten ekimenak bultzatzen dituzte (euskara ikastaroak, euskal ikasgaiak, hitzaldiak... ), eta ahalik eta jarduera gehien antolatu (neguko afari-parrandak, udako jaiak, kontzertuak, mus txapelketa...). Aurki, Olentzero etorriko zaie. Euren lanaren parte da Londresera joaten diren euskaldunei laguntza eskaintzea ere (etxebizitza, lana, Gizarte Segurantza...). Elkartean parte hartu eta laguntzeko modurik errazena antolatzen dituzten jardueretara azaltzea da. «Horrela itzelezko aukera dago Londresen bizi garen euskaldunokin euskara eta ingelesa lantzeko eta, nola ez, jende berria ezagutzeko». Hona elkartearen helbidea: Oxford House - Derbyshire Street, Bethnal Green - E2 6HG, UK. Eta webgunea: www.zintzilik.org/about.html. Mintzodromoa Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoako euskara ikasleek modu naturalean hitz egiteko gunea Bortzirietako, Hego Lapurdiko eta Bidasoa Txingudiko ikasleek «euskara modu naturalean praktikatzeko gune bat» sortuko dute gaur Irunen. Mintzodromoak euskaraz dakitenak eta ikasten ari direnak elkartuko ditu kafe edo freskagarri baten inguruan hainbat gairen inguruan aritzeko. Minutu batzuen ondoren solaskidea aldatu eta berriekin beste gai bat izanen dute hizpide. Taldeak osatuko dira ikasleekin eta euskaldunekin. Hainbat jende ezagunek ere parte hartuko dute Irungo Txanaleta plazan izanen den ekimenean, esaterako, Estitxu Fernandez bertsolaria izanen da gidari, eta Amaiur Alfaro kirolaria izanen da bertan, euskal kulturako beste aurpegi ezagunen artean. 10.00etatik 12.00etara iraungo du, eta bukaeran sorpresa bat izanen da Morau taldearen eskutik. Eskola orduetako tentsioak sarritan handiak izaten direla jakinik, gaurkoa bezalako jardunaldiek euskalduntze bidean osagarriak eta garrantzi handikoak direla uste dute antolatzaileek, eta gainera, elkar ezagutzen laguntzen du. Hego Lapurdi hiriguneak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Bidasoa Mugaz Gaindiko Partzuergoak antolatu dute Mintzodromoa. Hiru erakundeek irailean Sareuska euskara sarea sortu zuten elkarrekin eta hau da elkarlanean egin duten ekintza ikusgarrienetako bat. Sare honen xedea gure hizkuntzaren erabilera eta sentsibilizazioa lantzea da. Helburu horren lortzeko euskara zerbitzuen elkarlana sustatu, horren gaineko ardura duten hautetsien arteko harremana eta elkarlana bultzatu eta euskararen ikusgarritasuna lantzen ari dira erakundeak. Antolatzaileek Mintzodromoa azken detaileraino zaindu nahi izan dute, horregatik Kunsthal eskola hartu dute bidelagun. Karpako espazioa egokitu eginen dute, atmosfera atsegin eta lasaigarri bat sortzeko asmoarekin. I. E.