GARA TOLOSA

Osasun publikoaren alde kalera atera dira Tolosan, Lakuaren eredua errefusatuz

Lakuak ESI asistentzia eredua ezarri nahi du Tolosaldean urtarrilean, baina prozesuaren inguruan dagoen gardentasun faltak kezka piztu du. Kudeaketa publikoko ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra da.

Ehunka lagunek Tolosako kaleak hartu zituzten larunbatean, Lakuako Gobernuak eskualdean urtarriletik aurrera abian jarri nahi duen sorospen ereduari aurkakotasuna adierazteko. TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak deituta, eskualdea osatzen duten udalerrietako alkateek bat egin zuten deialdiarekin, baita tokiko 28 eragile sozial, sindikatu eta alderdik ere.

TOPAk hilabete luzeak daramatza jada borrokan. Larunbateko protestan, datorren hilabetetik aurrera eskualdean ezarri nahi duten ESI Erakundea Sistema Integratua salatu nahi izan zuten herritarrek, egitasmoaren inguruko «isiltasuna eta informazio ezkutaketa» gogor arbuiatuz. Gardentasun faltagatik, «herritarrok ezin dugu iritzia eman guri gehien komeni zaigun osasun ereduari buruz», kexatu ziren.

Jakitera eman zutenez, Lakuako arduradunekin harremanetan jarri ziren informazio eske, baina jaso zuten erantzunean ukatu egin zitzaien halakorik, «proiektuak une honetan duen zehaztasun maila dela-eta» momentuz «ezinezkoa» dela argudiatuta. Aurrerago, eta proiektua zehazten joaten den neurrian, Osasun Sailak «eman beharreko informazioa ohiko mekanismo eta hedabideen bitartez» emango duela agindu zieten.

TOPAk adierazi zuenez, ez dute sistema berria gustuko, euren ustez «horrek Asuncion klinika pribatua osasun publikoaren zerbitzuaren antolakuntza sarean txertatzea dakarrelako». Eskaera zehatza badute horren aurrean: «Kudeaketa publikoko eskualdeko ospitale bat zabaltzea Tolosaldean, eta, horrekin batera, espezialitate-anbulatorio publikoa berreskuratzea».

Klinika pribatuaren irabaziak

Tolosaldea Gipuzkoa Eskualdeko parte da egun lurraldeko osasun antolamenduaren arabera, eta, hala, Donostia Ospitalera joateko aukera dute herritarrek. Aurrerantzean, baina, indarrean den prozesua eten ezean, ESI Tolosaldea asistentzia eredua sartuko da indarrean. TOPAk azaldu zuenez, horrek ekarriko luke eskualdeko herritarrak Gipuzkoa Eskualdea deitutako eremutik kanpo uztea, hiriburuko ospitale publikora joateko aukera galduz. Ondorioz, bere egituran klinika pribatu bat duen EAEko ESI bakarra izango litzateke Tolosaldea.

Manifestazioan salatu zuten Gasteizko Gobernuak «ospitale publikoaren ordez klinika pribatu bat ezartzea» duela helburu, «enpresa pribatuei osasun publikoan etekin handiena duen arloa emateko, hau da, gaixotasun kronikoak, kirurgia konplexuak... artatzen dituena».

Kudeaketa publikodun eskualdeko ospitalea eta espezialitate-anbulatorioa eskatzeko mobilizazio gehiago egongo direla ere aurreratu zuten.