Hartu koordenadak
Google Earth programarekin munduko kostalde guztiak behatu daitezke, eta horrela, inork aurrez surf egin ez duen urautsi bakartien bila aritzen gara surflariak Ordenagailu aurrean, munduko mapa ireki eta leku bakarti batean zen lur mutur bat erakutsi zidan, eta horrela esan zidan: «Hartu koordenadak, hirugarren mundu gerra etortzen baduk, nik hor izango nauk»
Egunkari honekin atera genuen Euskal Herriko surf gidan esaten genuen urautsi posibleak airetik identifika daitezkeela eta adibide moduan Indonesian G-Land deitu zuten ezker olatu luze eta borobila nola aurkitu zuten kontatzen genuen.
Gaur egun askoz errazagoa da. Google Earth programarekin munduko kostalde guztiak behatu daitezke, eta horrela, inork aurrez surf egin ez duen urautsi bakarti eta exotikoen bila aritzen gara surflariak. Mundua, zenbait mozolok txikia dela dioen arren, handia da. Txikia da, gu, Mendebaldeko gizaki zuriak, eta batez ere surflariok, mugitzen garen eremua. Beraz, tontakeria da bizilaguna Balin topatu eta «mundua zein txikia den» esatea. Ez dugu kasualitatez Kamtxatkako uretan topo egingo.
Ur berotako kostaldeak askoz esplotatuagoak daude ur hotzetakoak baino, normala da, horregatik, lagun artean gaudenean, inork surf egin ez duela pentsa daitekeen herrialde hotzetan behatzen aritzen gara, Kepa Acero bezala. Beti edozein kontinentetako mendebaldean, hor izaten baitira olatuak, Txilen, Australia ipar-mendebaldean, Eskozian, eta abar.
Orain gutxi, lagun artean itsasoari so ginela surflariok oso gutxitan izaten ditugun eztabaidetako bat izan genuen. Alegia, surfa, kirol markak, eta antzeko memelokeriez aparteko elkarrizketa izan zen. Gaia, apokaliptikoa zen, «hirugarren gerra mundiala dator». Interesgarria izan zen eskolan zikiratu zizkiguten gaitasun haiek betirako galtzen direla ikustea, alegia, hausnarketa, pentsaera propioa (kritikoa) eta eztabaida gaitasunaz ari naiz. Baina tira, jendea entzutea beti interesgarria iruditu zait, horretarako nik isildu behar badut ere (eta hori zinez kostatzen zait).
Ustezko mundu gerrate baten inguruko eztabaida horren atzean ordea, beste gai interesgarri bat zegoela ohartu nintzen. Ohikoa den bezala, norberak bere arrazoiak ematerako orduan, bere egoera pertsonala oinarri hartuta hitz egiten zuen, norberari kalte egin edo kontraesanetan eroraraziko zion edozein arlo ekiditen. Oso gutxi baitira pentsatzen duten bezala bizi direnak, gehiengoak bizi den bezala pentsatzen du, eta ondorioz, bizipen pertsonaletatik abiatzen ditu bere teoriak. Horra hor gakoa, surflariek itsasoa maite dute eta bizitzan hartu beharreko erabaki garrantzitsu asko kirol honekiko loturak baldintzatuta hartzen dituzte. Surf egiteko aukera eskainiko duen lan bat, itsasoa maite duen bikotekide bat, bidaiatu ahal izateko gutxieneko askatasuna, eta abar.
Tira, horretan pentsatzen joan nintzen etxera. Hurrengo egunean, eztabaidan zen lagun batek deitu zidan. Etxean, ordenagailu aurrean, munduko mapa ireki eta pixkanaka lupa gerturatzen leku bakarti batean zen lur mutur bat erakutsi zidan, eta horrela esan zidan: «Hartu koordenadak, hirugarren mundu gerra etortzen baduk, ni hor izango nauk. Hotza bai, baina olatu onak zeudek hor, ziur, laku bat ere bazegok gertu eta zibilizazioa urrun. Bizitzeko behar duan guztia daukak...».