GARA Euskal Herriko egunkaria
Bilboko manifestazioaren bezperan

EPPK-ren agiria euskal jendarteari


Urtea joan da iazko abenduaren 28ko adierazpenaren bidez EPPK-k Euskal Herrian bizi dugun egoeraz duen irakurketa plazaratu eta horren arabera, Euskal Herriaren askatasunaren bidean gatazka gainditzeko prozesuarekiko bere konpromisoa jakinarazi zuenetik.

Orduz geroztik, adierazpen horretan iragarritakoaren arabera jokatu dugu euskal preso politikook. Eta, 2014an ere atertu gabe jasan dugun mota guztietako erasoak eraso, hitzemandako bidean egin ditugu urratsak. Espainiako Gobernuak gatazkaren konponketaren bidean oztopo berriak ezarri ditu, presoon eskubideen alde aritzen diren elkarteen aurka ez ezik, Kolektiboa eta eragile sozial eta politikoen artean bitartekaritza lan ezinbestekoa egiten zihardutenen aurka ere ekinez. Zentzu horretan, ozen salatu nahi dugu bitartekaritza taldeko bi kide, Jon Enparantza eta Arantza Zulueta abokatuak, joan den urtarril hastapenetik isolamenduaren torturapean dituztela.

Espainiar Estatuaren aparatua tematuta dago Euskadi Ta Askatasunak 2011ko urrian borroka armatua bertan behera utziz zabaldu zuen konponketa aukera zapuzten. Guri zuzenean eragiten digun neurrian, nabarmenarazi nahi dugu zeregin horretarako erabiltzen gaituela bahitu politikoak ere.

Kartzela politika espainiar eta frantsesaren atzean, mendeku eta zigor gordin eta gupidagabeaz gain, helburu politiko argia dago. Hau da egiten duten irakurketa politikoa: «Euskal presoak giltzapean ditugun artean askapen prozesuaren etengailua eskuetan izango dugu». Eta, espainiar agintariez gain, tamalez baina ez harriduraz, Euskal Herriak bizi duen zanpaketa egoeran onuradun diren indar eta sektore batzuek berretsi dute zenbateraino egiten duten bat haiekin eta haien asmoekin, gatazkaren konponketak enfrentamendu garai gogorren aitzakian eskuratutako pagotxa galtzearen ikaraz, nonbait.

Horregatik, espainiar agintariek eta EPPKren zigor politikaren diseinuan eta gauzatzean eskutik izan dituztenek, nork bere ñabardurekin, eskaintzen diguten bide trakets bakarra gure izate politikoa eta gure herriaren askatasunaren aldeko borrokara eraman gintuzten arrazoien eta erabilitako bideen ukoa eta ernegatzea da. Urteotan eraiki duten eta indarrean dagoen salbuespenezko legediarena.

Bere jokabidearen oinarrian hamarkada luzetan kartzela egoera latzenari aurre egin dion Kolektiboaz duten ezagutza zehatz-zehatza dago. Urte luzeotan ikusi dute, gainbehera pertsonalean oinarritzen den bidean ale gutxi batzuk baino ez direla sartu. Eta, honezkero, ez dute zalantzarik EPPK-ko kideok ez dugula inoiz arbuiatuko, ez kartzelara ekarri gintuen zeregin militantea, ez borrokan eroritakoen oroimena. Eta ez dugula damutze eta salaketen bidez alferrik galduko orain arteko borrokaren bidez eskuratutako guztia, ez hipotekatuko Euskal Herriaren askatasunera daraman etorkizuneko bidea. Argi esan beharra dago: salbuespenezko legedi hori indargabetu ezean, euskal preso politikoentzako kartzelako ateak itxita jarraituko du.

Espainiar agintarien asmoa kartzeletako egoera ez aurrera eta ez atzera mantentzea izanik, gure aldetik ohartarazi behar dugu, etorkizunari begira, joan den urtea dirudiena baino baikorragoa eta esperantzagarriagoa izan dela:

-Hasteko, iragarri bezala EPPK-ko kideok Euskal Herriratzeko eskaerak burutu genituen. Ez gara harritu menpean gaituzten bi estatuetako agintariek euskal preso politikook gatazkaren konpontzea bideratzeko eta errazteko asmoz luzatutako eskuari ez diotelako heldu nahi izan.

Aitzitik, kartzeletako egoera makurtzen eta gure urruntzea eta sakabanaketa areagotzen dituzten irizpideak indarrean mantendu dituzte. EPPK-ko kideok eta gure hurbilekoek jasan ditugun erasoen zerrenda luzea osatu dugu aurtengoan ere. Izan ere, eskaera horiek egiterakoan, argi genuen izapide hutsek ez zutela agintarien borondatea aldaraziko. Baina ezinbestekotzat jotzen genuen urrats hori egitea, abenduaren 28ko adierazpenaren hartzaile nagusi izan ziren euskal jendartearen ahalegina eta nazioarteko instantzien babesa bideratzeko.

-Urrats berri bat egin berri du EPPK-k aurrekoaren segidan: Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegian urruntzeak guri eta gure hurbilekoei eragiten digun kaltearen berri emanez salaketa jarriko dugu gure kideetako batzuk (Espainiako kartzeletan gauzkaten Kolektiboko ordezkariek, gaixo gauden kideek, adinekoek eta hogei urtetik gora giltzapean gauzkatenek). Salaketa horiek jasoko duten erantzunaren araberakoak izango dira emango ditugun hurrengo urratsak. Frantziari dagokionez, bere garaian, Administrazio Auzitegiaren aurrean jarriko dugu helegitea. Eta urrats berri honen harira, euskal jendarteari euskal preso politikoon aldeko ahalegina biderkatzea eskatzen diogu. Zuek ekarriko gaituzue etxera!

-Horrekin lotuta, hain zuzen ere, ekaineko Gizarte Foroak kartzelako egoerari buruzko gomendioen berri eman zuen urrian. Presooi eta preso gauzkaten agintari eta arduradunei zuzenduak. EPPKri dagokionez, betetzat ematen ditugu 2013ko abenduaren 28ko adierazpenetik aurrera bideratutako ekimenekin. Bestalde, Gizarte Foroaren gomendioetako batzuek bat egiten dute, bai euskal jendartearen gehiengoaren nahiarekin eta baita Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusitik Zuzen Bidean proposamenean planteatzen diren zenbait neurrirekin. Adosgune horietan zer sakondu balegokeela irizten diogu. EPPK-k, bere ordezkaritza eta mintzakideen bidez, begirunea oinarri, bai batzuekin eta bai besteekin harremanak izateko prestasun osoa agertzen du. Hori bai, sinesgarritasun gutxi dute gure begietara beren egitasmo eta proposamenetan, Euskal Herriaren alde borroka egin dugun militanteok «terroristatzat» hartzen gaituztenek edota gure espetxeratzea lapur edo bortxatzaile batenarekin alderatzen dutenek.

-Urrian jakitera eman zen Baionako Adierazpenak, zentzuzko planteamendua eta funtsezko proposamenak egiten ditu gatazka gainditzeko bidean, eta, guri dagokigunez, presoon egoera konpontzeari begira.

Beraz, batzuek ETAk borroka armatua bertan behera gatazka amaitu zela sinetsarazi nahi badigute, hori ez da egia. Eta ez soilik, gatazkaren ondorioak (kaltetuak, desmilitarizazioa, preso politikoak) konpondu gabe daudelako, baizik eta, ororen buru, Euskal Herriaren eskubideak zanpatuta daudelako.

Arestian azaldu bezala, kartzelaren eremuan ez dira gutxi izan iragan den urtean mugitutakoak. Guztion borroka eta ahaleginarekin lortuko dugu biltzea ereindakoaren uzta. Egun Euskal Herrian bizi den egoera egindako borrokaren fruitua da, kartzeletan ere egindako ahaleginarena eta erresistentziarena; horretaz jakitun eta harro gaude. Presoon erresistentziari esker ere baitako independentziara daraman errepidean sartuta Euskal Herria.

Espainiar agintariek gero eta zailtasun eta kontraesan handiagoak dituzte jarrera numantinoak mantentzen. Estatuen immobilismoaren aurrean, euskal jendartearen laguntzarekin gure etxeratzea ahalbidetuko duten urratsak egin eta ekimenak burutzeko prest dago EPPK. Baina, presook egiten ditugun ekimenak egiten ditugula, ez dugu arrakasta izango sakabanaketa eta urruntzearen aurka dauden eragile eta norbanakoen babesik gabe. Horregatik, poztasunez ikusi dugu joan den hiletan ere, presoon eta gure hurbilekoen aurkako erasoei erantzuteko herriz herri eta auzoz auzoko ekimenez gain, munta handiko ekimenak ere iragarri direla. Urtarrilaren 10ean, ikustaldirik gabe, guk ere arnasa hartuko dugu eta indarberrituko gara, hurrengo ikustaldietan ekarriko baitigute senide eta lagunek euskal jendartearen babes eta maitasuna.

Euskal Herria bihotzean, 2014ko abendua.

Euskal Presoak Euskal Herrira! Amnistia! Autodeterminazioa!!