10 ENE. 2015 KOLABORAZIOA Selekzioaren ofizialtasuna Betidanik erabili ohi dugun «herri bat, selekzio bat» esaldiak baino indar handiagoa al du ingelesez esanez gero ? Kezka handia sortzen dit. Ez daukat ezer ingelesaren aurka, baina gure hizkuntzak nahikoa erakartasunik ez duela pentsatzea izugarrizko okerra dela iruditzen zait. Tasio Erkizia Ezker abertzaleko militantea Giro bikaina bizi izan genuen Bilboko kaleetan zein San Mamesen abenduaren 28an. Nagusiki gazteria gailendu arren, ez zen falta jende heldu eta haurrik. Poztasuna eta erreibendikazio giroa nabarmentzen zen. Gizartean oro har eta gazteen artean bereziki biziki sentitzen den selekzio ofizialen nahia agerian zen. Beste gauza batzuetarako hainbeste falta zaigun ilusioa eta pasioa sentitu genuen. Eta noski, ETBren bidez, taberna zuloetara eta milaka etxetara barreiatu zen Euskal Nazioaren parte izateak sortzen digun emozioa. Hala ere, kirola baino haratago doan festa den eta noski futbol partidu bat baino gehiago izan zen espektakulu horrek merezi du zenbait hausnarketa, urrats berriak egite aldera eta, nola ez, aurrera begira akats eta joera okerrak zuzentze bidean. Aurtengoan urrats positiboak egon dira, baina aldi berean aurretik datozen zuzendu beharreko hutsak eta duda-mudazko zenbait jarrera ere bai. Bere edertasunean bada zer zuzendu... Urrats positiboak azpimarratzerakoan, lehena dudarik gabe, euskal selekzioaren erreibindikazioa gizonezkoen futbolera ez mugatzean datza. Aurrerapauso nabarmena da; bezperan Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian Euskal Herriko eta Kataluniako nesken futbol selekzioek jokatu zuten partidua, Santurtzin areto-futbola eta, nola ez, Bartzelonan errugbi selekzioek jokatu zituztenak. Lehen aldiz esfortzu bat egin da selekzio propioaren erreibindikazioa gizonezkoen futboletatik at beste kiroletara ere zabaldu dadin. Oraindik era mugatuan hasi den bideak ibilbide luzea izan dezake. Selekzio propioaren eguna ospatzen denean, zergatik ez uztartu egunean zehar kirol ezberdinak? Ez da berria, San Mameseko partiduaren aurretik elkarretaratze jendetsua egitea, baina aurtengoan zirrara berezia izan du. Ez besteetan baino jende gehiago egon zelako bakarrik, kirol oso ezberdinetako ordezkaritza biltzea lortu zelako baizik. Nahiko ordezkaritza xumea izan zen, baina lehen urrats gisara ongi da eta interesgarria da bide berriak zabaltzen dituen neurrian. Ibilbidearen bukaeran egin zen ekitaldi xumea ere oso hunkigarria izan zen. Oso egokiak, parte hartu zuten esatariak zein aukeratu ziren kantak. Ekimen oso duina. Hala ere, Euskal Herriaren naziotasuna sinbolizatzeko festa horrek asko falta du. Eta lehen akatsa zazpi herrialdetako ordezkaritza ez zaintzean datza. Ez naiz ni lehiakortasuna guztiz baztertzearen aldekoa, baina horrelako anaiarteko partidu batean ezin du lehentasuna izan eta, beraz, Iparraldeko jokalari pare bat edo Alaveseko besteren bat aukeratzea ez dut uste gehiegi eskatzea denik. Eta lurraldetasuna aipatzen dugularik, errugbi partiduan zenbat xiberotarrek hartu zuten parte? Horrelako jai eta partiduen zirrara sinbologian datza eta, beraz, hori zaindu behar da; alegia, lurralde ezberdinetako jokalariak egon behar dira. Eta orientabide hori baliagarria da kirol guztietarako, noski. Asko harritu ninduen beste gauza bat sarreren prezioa da. Horrelako partiduen helburua herritarren artean euskal selekzioekiko grina eta erreibindikazioa suspertzea izanik, ez da oso ulergarria haurren sarrerak ere 20-25 euroko prezioa izatea. Berez oso garestiak dira eta ulergaitza iruditzen zait haurren sarrerak hain garesti jartzea. Zertarako erabiltzen da diru guzti hori? Partiduko gastuak ordaintzeko, ez noski. Orduan, zertarako? Futbol federazioen burokrazia handitzeko? Herrietako futbol taldeak indartzeko dela diote. Egia da eta zenbat doa beraien eskuetara? Eta horrela bada, bidezkoa al da horretarako nazio sentimendua erabiltzea? Kontu guzti horiek publikoak izan beharko lukete. Ez duzue uste? Bestetik, aurtengo goiburua «One country one team» izan da. Aspaldian modan dagoen ingelesa erabili da. Betidanik erabili ohi dugun «herri bat, selekzio bat» esaldiak baino indar handiagoa al du ingelesez esanez gero? Kezka handia sortzen dit. Ez daukat ezer ingelesaren aurka, baina gure hizkuntzak nahikoa erakartasunik ez duela pentsatzea izugarrizko okerra dela iruditzen zait. Ez dut uste egia denik eta, gainera, behin eta berriro erabiltzeak gure hizkuntzarekiko konplexua areagotu besterik ez du egiten. Eta aitortuko dizuet, haserrea eragiten dit. Euskarari kalte egiten dio. Lotsa ere bai, katalanek pankarta beren hizkuntzan jarri zutenean, eta gu, berriz, gure herrian bertan jokatuz, ingelesez idatzitakoarekin irten ginenean. Ez da esanguratsua? Euskal selekzioaren aldeko jai hauek garrantzitsuak dira. Nazio edo herri izaera piztu eta sendotzeko baliagarriak dira. Bereziki gazteriari begira eragin berezia dute. Herrialdekeria guztien gainetik nazioa osatzen dugula sentitu eta bizitzeko baliagarriak dira. Horren lekuko izan zen San Mameseko partidu bezperan Xiberoko Botza irratian bertako gazte bati entzun niona: «Bihar Bilbora goaz euskal selekzioaren aldeko jaialdira. Antolatu dugun autobusa Atharratzetik irtengo da, eta bidean Maulen, Donapaleun eta Lapurdin geldituko gara gazte jendea biltzeko. Zazpi herrialdetako jendea bilduko gara, jai handia izango da». Baina jakina, egun bateko erreibendikazio eguna ez da nahikoa. Euskal selekzioa oraindik modu sinbolikoan aritzen da. Sinboloetik ofizialtasuna lortzera ibilbide luzea dago. Eta hori da ekinaren ekinaz lortzen joan behar garena. Urratsez urrats, baina aldi berean jauzi kualitatiboak emanez. Kirol mota ezberdinetan ofizialtasuna modu praktikoan lortu behar da. Hitzetik eta erreibendikazioetatik urrats praktikoak egitera jauzi egin behar da. Ea datorren urtean ez gauden aurtengo egoera berean.