12 ENE. 2015 Dagokiguna onartu Surflari Ernegatua Gurea herrialde pribilegiatua da. Ez da marrazorik itsasoan, ez da lurrikara handien ohiko eremua, ez du kaleak zerraldoz betetzen dituen gerra odoltsurik, ez du hotz edo bero handirik egiten, ura sobera daukagu, bai eta jatekoa ere. Kirol desberdinak egiteko aukera anitz eskaintzen duen ingurunea da gurea, eta zenbaitetan, kalitatezko eskaintza neurrigabea egiten digu naturak gainera. Daukaguna baloratzeko gai ez garelako edo lilurak lokartzen gaituelako, surflariok badugu urautsia inguruan beste ezer ez balego bezala ikusteko gaitasun bat. Inguruan ezer jazoko ez balitz bezala bidaiatzen aritu gara, lehorrean gertatzen zenak gurekin zerikusirik izango ez balu bezala, eta horrek sarri, lekuko jendea haserrarazi izan du. Turistak garen heinean gainera, bertakoei mesede baino ez diegula egiten uste dugu. Horixe da mendebaldarron gaitza, munduan gertatzen diren tragedia anitzen erantzule ez garela pentsatzeaz gain, salbatzaile gisa aurkezten dugula geure burua. Indonesia gerra bizian zela hasi ziren hango urautsiak bilatzen surflari australiarrak. Inguruan kaosa zen nagusi, bertako klima heze eta beroak luzaz mantentzen zuen errepide ertzean ziren hilotzen usain bortitza, baina ilehoriak sudurzuloak esku batekin tapatu eta beste eskuan surf taula zeramatela pasatzen ziren ondotik. «The Big Wednesday» filma egiteko El Salvadorreko hotel bat hartu zuen John Milius zuzendariak. Metro gutxira tiro hotsak ziren nagusi, gerra bizian zen herrialdea, eta film egilea kexu zen igerilekuan hartzen ari ziren irudietan soinu haiek kalte egiten zutelako. Gainontzean, bost axola inguruan zer gertatzen zen. Beren pasaporteetako zigilu nagusiak bazuen erantzukizunik han gertatzen ari zen sarraskiarekin, baina uste al duzue surflari eta aktore haiek halakorik sentitzen zutenik? Azken urteetan lekukoengana hurbiltzeko zenbait saialdi ikusi ditut zenbait surf dokumentaletan, eta benetan uste dut zentzu horretan kirol honek lehen ez zuen ikuspegi bat irabazi duela. Herrialde batera iristean, bertakoek ez dute beren kultura uler dezagun eskatzen, badakite horretarako gai ez garela; eskatzen duten gauza bakarra errespetua da, eta hori betetzen denean, turistei eskaintzen dizkieten irriak egiazko bilakatzen dira, eta hori, dokumentaletan nabarmentzen da. Gaur bost urte Tahitiko uhartea lurrikara izugarri batek errautsi zuen. Hurrengo egunean Pat Robertson AEBetako telebistako sermolariak Tahitiko beltzak beren askatasunaren errudun zirela esan zuen; izan ere, Frantziaren atzaparretatik askatu zituen deabrua bera kontua pasatzen ari omen zitzaien. Surflariek urautsi bila hamarkadetan izan duten ikuspegia sermolari honek duenaren antzekoa da. Herrialde arrotzetako tragedien erantzuleak beti bertakoak dira, baita hondamendi naturalak direnean ere. Hori da bertako jendearengana hurbiltzen hasi diren surflariak aldatzen ari direna, baina nire ustez, oraindik beste urrats bat egitea falta zaigu; alegia, mendebaldar gisa dagokigun erantzukizuna onartzea.