Jon LEUNDA
AIZKOTA | Urrezko lehiaketa

Otaño eta Saralegi oso indartsu abiatu dira

Beizamakoak eta Leitzakoak Bigarren Mailako txapela lortzeko faborito direla erakutsi zuten.

Eneko Otañok eta Eneko Saralegik irabazi zuten atzo Beizaman jokatu zen Urrezko Aizkorako Bigarren Mailako saioa. Beraiek ziren garaipena lortzeko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Sarrera ona izan zen Ilaunpe pilotalekuan.

Hiru bikote neurtu ziren. Garaileekin batera, Rodriguez II.a eta Irazabal eta Alkizalete II.a eta Alberdi bikoak aritu ziren lanean. Sei lan ezberdin egin behar izan zituen bakoitzak, baina zaila izaten da iraupen probara arte ezer erabakita uztea, eta horrelaxe gertatu zen, azkeneko ekinaldi horretan erabaki baitzen dena.

Aurreneko bost lanak amaituta, Otaño eta Saralegi ziren lehen postuan, eta 19 segundora zeuden Alberdi eta Alkizalete. 43 segundora, berriz, Irazabal eta Rodriguez II.a. Azkeneko lan horretan, bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako ebaki behar izan zituen bikote bakoitzak, eta hor erabaki beharra zegoen saioa.

Eneko biek, Otañok eta Saralegik, alegia, ez zuten hutsik egin, eta azkeneko proba hau ere eraman egin zuten. 8 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko. 8 minutu eta 27 segundo behar izan zituzten, aldiz, Rodriguezek eta Irazabalek, eta 8 minutu eta 52 segundo, azkenik, Jokin Alkizaletek eta Alberdik.

Beraz, denbora guztiak kontuan hartuta, Otañok eta Saralegik egin zuten onena. Lan guztiak burutzeko 13 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten. Bigarren Irazabal eta Rodriguez geratu ziren; 14 minutu eta 30 segundo behar izan zituzten. Eta azkenengo lekuan Alberdi eta Alkizalete, 14.31ko denbora eginda.

Apustuak

Apustuek indarrean jarraitzen dute, eta hasi berri den urte hau oso garrantzitsua izan daiteke; izan ere, jadanik bi egin dira, eta gaur bertan aurtengo hirugarrena ere gauzatu daiteke. Ostegun gauean Alatzne Etxaburuak eta Irati Astondoak sinatu zuten, ostiral gauean, berriz, Joseba Otaegik eta Xabier Orbegozo Arria V.ak gauzatu zuten.

Tolosako zezen-plazan arituko dira nor baino nor martxoaren 15ean, eta aizkolari bakoitzak 20na kana-erdiko ebaki beharko ditu, enborrak erdi bana plazaratuta. Alde bakoitzak, berriz, 6.000 euro jarriko ditu, itxuraz. Joan aurretik ere bi aizkolariak baldintza berberak nahi zituzten; beraz, ez zen inongo arazorik izan.

Gaur bertan, berriz, Joxemari Olasagasti Tolosako Kantabriko tabernan izango da 19.00etatik Aitzol Atutxaren zain, apustua adosteko asmoz. Badirudi bizkaitarrak bertaratzeko asmoa duela, eta, itxura guztien arabera, urte honetako hirugarren apustua sinatuko dute.