GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoen Buruz Burukoa

Bilbaok eta Lamurek oso erraz egin dute hurrengo kanporaketarako bidea


Lamurek eta Bilbaok lortu zuten atzo Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela, euren norgehiagokak aparteko arazorik gabe gaindituta.

Lehen partidak kontatzeko oso gutxi izan zuen, Bilbaok 40 eta 10 irabazi baitzion Intxausperi, 32 minutu pilotan aritu eta gero. Emaitzak dena erakusten du, hasieratik bukaerara jaun eta jabe izan baitzen irabazlea.

Intxauspe 0-3 aurreratu zen, baina hasieratik ikusten zen jokoan zein zen gehiago, eta Bilbaok 16-2ko partziala lortu, eta norgehiagoka erabakita utzi zuen. Intxauspe oso gaizki aritu zen, oso azkar etsi zuen, eta inoiz ez zuen sinistu ezer egin zezakeenik.

Saketik 19 tanto egin zituen Bilbaok, eta bost Intxauspek. Jokoan 15 eta 2 egin zituzten, eta galdu, berriz, 3 eta 6. 0-3, 3-3, 16-3, 16-5, 38-8 eta 40-10 izan zen partidako markagailua.

Bigarren partida hobea izan zen, baina hau ere ez zen izan ikaragarri horietakoa. Lamurek 40 eta 26 irabazi zion Elgarti, 54 minutu pilotan aritu ostean. Zortzigarren kintzera arte berdinketa ugari izan ziren, baina hortik aurrera norgehiagoka kontrolpean izan zuen Lamurek, Elgart ez baitzen bera estutzeko gai izan eta amaieran garaipenetik urruti geratu zen.

Saketik bederatzi kintze egin zituen Lamurek, eta bat gutxiago Elgartek. Jokoan 26 tanto lortu zituen irabazleak eta 15 galtzaileak. Galdu, 3 eta 5 egin zituzten. 1-0, 1-1, 2-2, 4-4, 5-5, 8-8, 15-9, 25-17, 30-24, eta 40-26 izan zen kanporaketa honetako markagailuaren mugimendua.