GARA Euskal Herriko egunkaria

Donostiako Udalak kontu korrontea ireki du Fiare banku etikoarekin

Hitzarmen honekin Udalak lankidetza, berdintasun, partaidetza, ingurumen eta aniztasun gaietako diru laguntzak bertatik bideratuko ditu. «Banku etikoen aldeko apustu garbia egin nahi dugu, diruaren erabilera etikoa bermatzen dutelako», adierazi zuen alkateak.


Donostiako Udalak Fiare Banku Etikoarekin 2012ko urrian sinatutako elkarlanerako hitzarmenean beste pauso bat eman zuen atzo, bertan kontu korrontea irekitzeko tramiteak abiatu dituela argitzera eman baitzuen hiriko alkate Juan Karlos Izagirrek. Helburua, aldiz, bertatik hainbat diru laguntza bideratzea izango dela aipatu zuen.

Kontu korronte horren bidez, Donostiako Udalak lankidetza, berdintasun, partaidetza, ingurumen eta aniztasun gaietako diru laguntzak bideratuko ditu. Horrekin batera, deialdi publikoen oinarrien bidez banku etikoko bezero eta bazkide izatea sustatuko du Udalak, hautagai horiei puntu gehiago emanda.

Horiez gain, Udal Gobernuaren ekimenez, Zorroaga Fundazioak bi gordailu irekiak ditu 2014tik Fiare eta Triodos banku etikoekin, bakoitza 100.000 eurokoa, gogoratu zuen Izagirrek.

Juan Garibi Fiare banku etikoko Garapen zuzendariarekin batera egindako prentsaurrekoan, Juan Karlos Izagirrek honela azaldu zuen hitzarmena: «Banku etikoen aldeko apustu garbia egin nahi dugu, diruaren erabilera etiko bat bermatzen dutelako, hau da, jakin badakigulako diru hori ez dela erabiliko, adibidez, armak sortzeko, etxebizitzekin espekulatzeko ala giza eskubideak urratzen dituzten jarduerak sustatzeko».

Fiare aukeratzearen arrazoia izan da «eredu parte-hartzaile eta herrikoia eskaintzen duela, pertsona guztiei ahotsa ematen diena, eta Euskal Herrian bertan sorturiko ekimena dela, estatu osorako eredu izan dena».

«Gizarteari onura egiteko»

Gainera, Donostiako alkateak gehitu zuenez, «banku etikoek ekonomia erreal baten alde egiten dute, eta diru hau ez da erabiltzen ekonomia espekulatibo baten mesedetan, baizik eta benetako proiektuak gauzatzeko, hau da, ekonomia sozialaren baitan gizarteari onura egiten dioten proiektuak sustatzeko».

Garibik Udalari eskerrak eman zizkion erabakiagatik: «Administrazio publikoaren berme horrek sinesgarritasun gehiago ematen digu gizartearen aurrean, eta herritarrak guregana gerturatzeko bidea zabaltzen du».