13 ENE. 2015 Presoen elkartasunaren kontrako operazio poliziala Manifestazioak eta elkarretaratzeak, atxiloketak eta epaiketak salatzeko Ion SALGADO GASTEIZ Ehunka lagun bildu ziren atzo Euskal Herriko hainbat txokotan «Mate» izeneko operazioko atxiloketak salatzeko. Berez, elkarretaratzeak lehendik zeuden deituta, Madrilen epaitu behar zituzten ezker abertzaleko 35 militanteei babesa adierazteko helburuarekin, baina goizean gertatutakoa ikusi ondoren, bildutakoek hamasei herritarren atxiloketa ere salatu zuten. Baionan, esate baterako, 150 pertsona elkartu ziren Herriko Etxearen aitzinean euskal gizarteak pairatzen duen errepresioa salatzeko. Bake Bidearen bozeramaileak, Anais Funosak, azaldu zuenez, atzoko elkarretaratzea «askatasun demokratikoaren aldeko aldarrikapena» izan zen. Halaber, Iruñean mila lagun inguruk parte hartu zuten PPko egoitzaren aurrean deituta zegoen elkarretaratzean. Arbizun, Fran Baldaren herrian, Guardia Zibilak debekatu egin zuen elkarretaratzea. Debekuari aurre egiteko, herri batzarrean parte hartu zuten 300 auzokideak multzoka banatu ziren herriko enparantza okupatzeko. Zizurren -Nagore San Martin atxilotu zuten bertan- 120 pertsona inguruk egin zuten protesta. Durangon 300 lagun bildu ziren atxiloketak salatzeko. Gainera, gaur ere manifestazioa egingo dute, arratsaldeko 19.30ean. Larrabetzun ere 98 lagunek parte hartu zuten Aner Petralandari elkartasuna adierazteko egindako elkarretaratzean; eta Muskizen 500 pertsona elkartu ziren Alfonso Zenon abokatuaren atxiloketa salatzeko. Leioan manifestaziora deitu zuten Guardia Zibilak egindako miaketa salatzeko. Oiartzunen 500 lagunetik gora bildu ziren herrikide duten Onintza Ostolazaren eta beste atxilotuen askatasuna eskatzeko. Gaur, arratsaldeko 19.30ean, udalbatzak bilkura berezia egingo du. Ondoren batzar informatiboa eta manifestazioa egingo dituzte. Intxaurrondoko elkarretaratzean, aldiz, Arantxa Aparicio bereziki gogoan izan zuten. Gasteizen eta Bilbon ere ehunka lagun bildu ziren operazioa gaitzesteko. Era berean, mobilizazioak izan ziren Mallabia (37), Idiazabal (57), Arrasate (450), Zizur Nagusia (120), Antzuola (60), Mundaka (170), Iurreta (30), Altsasu (52), Lekeitio (225), Bermeo (15), Euba (9), Elorrio (200), Zaldibia (45), Zaldibar (29), Goizueta (65), Sopela (90), Altza (25), Laudio (53), Berriozar (125), Munitibar (27), Elizondo (50), Bergara (350), Oñati (80), Antzuola (60), Elgoibar (80), Eibar (200), Mutriku (70) eta Zorrotzan (42). Horiez gain, protestak egin dituzte Eibarren, Algortan, Zeanurin, Antsoainen, Galdakaon, Zumaian, Gernika-Lumon eta Ondarroan. «Ez ditugu euskal presoak defentsarik gabe utziko» Berrogeita hamar euskal legelarik baino gehiagok agerraldia egin zuten atzo Bizkaiko Abokatuen Bazkunean mezu bat helarazteko: «Argi utzi nahi dugu euskal preso independentista bat bera ere ez dela defentsa juridikorik gabe geldituko». Olatz Talaberak eta Iker Urbinak hurrenez hurren euskaraz eta gaztelaniaz irakurritako adierazpenean, euskal abokatuek jasaten duten «jazarpen ideologikoa eta judiziala» salatu zuten. Gogoratu zutenez, deklaratzera deitu beharrean atxilo hartu dituzte diligentzietan parte hartzeko prest zeuden abokatuak, eta Auzitegi Nazional espainolak horren berri bazuen, izan ere, orain dela sei hilabete (operazioa prentsara filtratu zenean) euskal abokatuen ordezkariek eta Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko dekanoa den Juan Carlos Fuentenebrok berak epailearen aurrean erantzuteko prest zeudela idatziz jakinarazi ziotelako. «Operazio mediatikoa bilatu izan da» adierazi zuen Talaberak, eta testuinguru zehatz batean kokatu behar dela nabarmendu zuen. Azaldu zuenez, adierazgarria da polizia operazio hori une honetan heltzea: EPPK-k bere eskubideen defentsan bide legal eta juridikoa jarraitzeko erabakia azaldu eta Bilboko mobilizazio erraldoiaren ostean; baita defentsa eskubidea urratuta ikusi duten euskal herritarren aurkako epaiketak hastear zeudenean edota gaur bertan Auzitegi Gorenak zigorren inguruan erabakia hartu behar duenean. Bestalde, delitu ekonomikoak egotzita, Estatu espainolak ustelkeriaren mamua zabaldu nahi izan duela salatu zuten. Nabarmendu zutenez, «hemen mundu guztiak daki gure lana boluntarioa eta konprometitua dela» . Nerea GOTI Iruñea. San Frantzisko eskolako komunitateko kideak bildu ziren arratsaldean eskolako atarian Amaia Izkoren askatasuna eskatzeko eta hari elkartasuna adierazteko. Izan ere, abokatua eskolako ama da.