15 ENE. 2015 GUTUNAK Terrorismoa Xanti Begiristain Madotz Auritz Parisen gertatu den atentatuaren aurrean, hausnarketa batzuk egin nahi ditut. Badakit gaia potoloa eta zaila dela. Hasteko, argi eta garbi azaldu nahi dut halako atentatuen aurka nagoela, ez ditudala onartzen, gaitzesten ditudala, ezesten eta nahi den guztia. Jarraitzeko, esan nahi dut, nire elkartasun osoa adierazten diedala biktima guztiei: hildako, zauritu, senide, lagunei, eta abarri. Aurrera segituta, jakinarazi nahi dut adierazpen askatasunaren alde nagoela, eta mota horretako ekintzak eginda ez dudala uste deus onuragarririk lortzen denik gizarte honentzat edota mundu osoarentzat. Orain estatu eta gobernu handi eta boteretsuek jarraituko dute predikatzen, batasun nazionala behar dela, terroristen aurrean ez dela batere amorerik eman behar, armen, armaden eta polizien indarraren bitartez garaitu behar direla terroristak, ez dela milimetro bat bera ere atzera egin behar, eta abar, eta abar. Hemendik aurrera, musulman eta etorkin ororen giza eskubide guztiak gutxiago errespetatuak ikustea ere ez litzateke inola ere harrigarria izanen; lehenago ere ikusiak gara antzeko egoerak. Joera erraza izaten dugu pentsatzea arrazoi guztia alde bakar batean dagoela, alegia, talde batek egia osoa duela eta besteak ez duela deus ere; hau da, bigarren hau zeharo oker dagoela eta hobe duela arrastorik ere utzi gabe behin betiko desagertzea. Baina, zoritxarrez edo zorionez, orain arteko historiak erakutsi eta irakatsi digu, arrazoi eta egia guztia nekez egoten dela alde bakar batean, baizik eta banatuta. Egon liteke gehiago alde batean bestean baino, baina, segur aski, beti egonen dira banatuta alde guztietan egia, arrazoia, eta abar, neurri handiago edo txikiago batean. Nire ustez, eta gorago esan dudan bezala, mundu honetako estatu eta gobernu nagusiek (Ameriketako Estatu Batuek, Frantziak, Alemaniak, Italiak, Erresuma Batuak, Errusiak, Txinak, Japoniak, Espainiak, etab.) gogoeta sakonak egin beharko lituzkete, jakiteko eta ulertzeko zergatik agertu ahal diren munduan halako talde terroristak, jite horretako ekintza basatiak egiten dituztenak; zerk eramaten ditu pertsona horiek halako basakeriak gauzatzera? Nik pentsatzen dut estatu eta gobernu handi eta boteretsu horiek badutela zer pentsatu eta zer hausnartu, ikusteko dena oso ongi egin ote duten munduko beste estatu eta nazio ahulen aurrean. Ez ote duten jokatu oso demokrazia gutxirekin, giza eskubide asko zapalduta, estatu eta nazio ahul horien aberastasunak zilegi ez den moduan ustiatuz eta lapurtuz, nagusikeriaz jokatuta, eta abar. Ni sinetsita nago lehen mundu esaten diogun horretako politikari, militar, polizia, bankero, finantzari askok, eta abarrek, autokritika ugari eta sakonak egin beharko lituzketela atentatu handi hauen aurrean. Baina hau argi eta garbi geldi dadila, honekin ez ditut inondik ere justifikatu nahi halako erailketak. Elkarrin eta Lokarrin aspaldian ikasi nuen gauza bat, alegia, terrorismoa praktikatzen dutenei, burugabeak, ganoragabeak eta txoriburuak deituta, edota halakotzat hartuta ez dela arazoa batere konpontzen, eta bai, ordea, beraiekin hitz eginda, negoziatuz, konbentzituz, hitzarmenak eta akordioak eginez, eta abar.