17 ENE. 2015 sokatira Euskal Herriko Txapelketa 680ko txapela jokoan, eta Abadiño faborito dela abiatuko da zortzikoa J.L. Euskal Herriko Txapelketa abiatzear da, eta 680ko txapela jokoan dela hasiko da gainera. Leioako Sakonetako kiroldegian jokatuko da aurreneko jardunaldia, gaur, bostetan hasita. Pisu astunekin jokatuz ekingo zaio aurtengo lehiaketari, eta hor 6 Conceyos, Ñapurrak, Zuraide, Murueta, Sokarrola, Ibarra eta Abadiño izango dira aurrez aurre. Pisu hau ez da euskal taldeen gustukoena, baina txapelketa nondik nora joan daitekeen ikusteko balioko du. Abadiño da faboritoa, azken urte hauetako talderik onena izan baita. Aurtengo denboraldian, gainera, zortzikorako prestatu da soilik, laukoan ez baitu parte hartu. Ibarra izan daiteke bere aurkaririk gogorrena. Zaldi-mandoak Euskal Herriko zaldi-mando probako finala jokatuko da gaur Aiako probalekuan, 22.00etan hasita. Bertan, pasa den urtean Euskal Herriko probalekuetan jokatu diren zaldi-mando probetako hiru abererik onenak neurtuko dira. Maila handiko lehiaketa ikusi ahal izango da. Uriarteren, Erauzkinen eta Azkonabietaren abereak arituko dira nor baino nor, eta bakoitzak ordu erdia izango du lanerako, eta tarte horretan plazarik edo metrorik gehien egiten dituen abereak eramango du manta. Zaldi-mandoek ez dute idiek bezainbesteko ikusmina sortzen, baina kontuan izanda mailarik goreneko probalariak izango direla, Aiako probalekuko harmailek itxura ona izatea espero da. Horrelakoetan ez da faborito garbirik ikusten.