Iosu Uribetxebarriari azken agurra eman diote Arrasaten ehunka lagunek
Donostian konponbidearen eta giza eskubideen aldeko martxa jendetsua hasi baino ordu batzuk lehenago, Arrasaten ehunka lagunek azken agurra eman zioten amaieraraino espetxe politika «ankerra» jasan duen Iosu Uribetxebarriari, familiak intimitatean egindako hileta zibilean.
Donostiako manifestazio erraldoia hasi baino ordu batzuk lehenago, eguerdian, Iosu Uribetxebarriari azken agurra eman zioten ehunka lagunek. Leporaino bete zen haren jaioterri eta bizitoki zen Arrasateko Aldai parkea. Ostiral goizaldean hildako 60 urteko arrasatearraren familiak intimitatean egin nahi izan zuen ekitaldi zibila, eta hori errespetatzeko eskatu zien hedabideei.
Estatu espainoleko espetxe politikaren aurkako borrokaren ikurretako bat izan da Iosu Uribetxebarria eta haren heriotzak errepresaliatuen aldeko mobilizazioak astindu ditu azken orduetan.
Arrasatearra hil eta ordu batzuetara senide eta lagunek herrian bertan egindako agerraldi batean gogorarazi zutenez, Iosu Uribetxebarria Eperra gaixoaldi larri baten ondorioz zendu zen, 1997an atxilotu, torturatu eta dispertsatu egin zuten, eta beste ehunka euskal preso politikok bezala Estatu espainolaren kartzela politika «ankerra» pairatu zuen «azken egunera arte», eritasun larri bat aurkitu zioten arren kartzelan, ospitalean eta etxean ere preso izan zuten. Izan ere, Uribetxebarriaren kasuan erakutsitako «mendekuaren politika» nabarmendu dute egunotan ahots ugarik.
Familia eta adiskideek gogor gaitzetsi zuten arrasatearrarekin gertatu den «bidegabekeria», eta «berehala eta inongo baldintzarik gabe» dispertsioaren amaiera eta gaixo larrien etxeratzea» aldarrikatu zuten. Hain zuzen, Gipuzkoako hiriburuko martxa jendetsuaren lelo bera aukeratu dute gaurko Arrasaten antolatu duten manifestazio isilerako: «Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea», honakoa erantsiz: «Preso gaixoak kalera, dispertsioa amaitu». 12.30ean da hitzordua, Udaletxeko plazan, eta Euskal Herriko eragile guztiak daude gonbidatuta.