24 ENE. 2015 HELDUEN LITERATURA Eromenaren kronika, antsiolitikoen garaian Danele SARRIUGARTE Emakume baten ahotsean datorkigu eromenari buruzko kontakizuna, psikosiaren mende eta hori gainditzeko bidean dagoen pertsonaia izengabe baina esplizituki emearen istorioa erretratatzen baitu Alaine Agirrek eleberri min honetan. Helduentzako literaturan lehenengoa du. Gogora ekarri dit Itxaso Martinen «Ni, Vera» hura, andre baten buru-gaitza zuelako hango nobela hark ere ardatz. Ez da doakoa genero-markaren etengabeko zehazte hau, literatur tradizio eta literatur tematika bat ikusgarri egitea du asmo; eta joera literario horiek menderakuntza-egoera batzuen aurreko erantzuna dira. Finean, emakumeek bizi izan dituzten menderakuntza-testuinguruetan, mekanismo eraginkorra gertatu da zoramena eta horren tratamendua; ondorioz, eromen-diagnosiek, giltzapeak, medikuntzaren bitartez gauzatutako kontrolak eta sendamolde ikaragarriek leku handia izan dute literatur tradizioan ere. Kasu baterako, badira hiru urte irakurgai daukagula literatura unibertsaleko lan mugarri bat, Charlotte Perkins-Gilmanen «Hormako paper horia» (Edo!, 2012), Ana Isabel Moralesek itzulia. Are, literatur kritika feministan arketipo izatera iritsiak dira ganbarako emakume zoroak, Sandra M. Gilbert eta Susan Gubar teorialariek egindako analisitik tiraka, bi obra diferentetan agertzen den pertsonaia bati egiten diote-eta erreferentzia: Charlotte Bronteren «Jane Eyre» klasikoan izenik eta izanik ere ez duen Rochester andreari, hezur-haragizko Antoinette bilakatzen baitzaigu Jean Rhysen Sargazo itsaso zabala (Alberdania-Elkar, 2005; Txomin Arratibel) kontra-eleberri apartean. Lerro horretako katebegi gisa kokatu nahi nuke nobela hau. Esan bezala, ez da ausazkoa andreen eta buru-gaixotasunen arteko lotura, gizarte-egitura oso batekin du zerikusia. Iragan sasoietan gertatzen dira goian aipatu ditudan kontakizunetako batzuk, XIX. mende inguruan, AEBetan eta Ingalaterran. Atzo eta hemen bertan jazotakoa da, ordea, Agirrek kontatzen duen istorioa. Urteak pasata, bazterkerietako batzuk leunduak dira, bai behintzat, gure eleberriko protagonistak bizi dituen toki eta egoeran. Baina, batez ere, menderakuntzaren moduak sotildu dira. Zoratzea oraingoan ez dakarte kolonialismoaren ajeek edo autonomiaren erabateko galerak, senarraren mesedetan. Haatik, emakume protagonistak, oraindik ere, besteak lehenesten ditu bere buruaren aurretik (betiko etxeko aingerua, azken batean, emakumearen zaintzaile-rol tradizionala), eta izan beharko lukeenaren presioak itotzen du, gurasoekiko harremanak. Bestalde, eskertzekoa da gaiaren tratamendua, ikusaraztea zenbateraino den lausoa sanoaren eta zoroaren arteko muga. Agirrek ondo erretratatzen du terapia-prozesua, apurka-apurka doana, konponbide magikorik gabe. Dena dela, eleberriak hauspoa apur bat galdu izanaren sentipena utzi dit amaiera aldera. Eldarnio uneei oso ondo egokitzen zaien idazketa kolokan geratuko balitz bezala, edo amaieran eztanda bat aurreikusi banu bezala, eta ez nau zeharo asebete. Hizkera nabarmen poetikoan datorkigu narrazioa, izenburuak iradokitzen duen koloreari estu lotuta, gorriari, noski. Lirikoak ez duela esan nahi kriptikoa; alderantziz, kasu honetan behintzat, xamur eta gozo egiten dute aurrera lerroek. Liburuaren ezaugarri azpimarragarrienetakoa dugu horixe, idazketa eta egitura, dotorea eta propioa. Ez da kasualitatea; poeta bat aukeratu du Agirrek bere opera primari hitzaurrea idatz diezaion: Miren Agur Meabe. Estiloaren indarraz mintzatzean, gorpuztasunarekin lotu du Agirreren idazketa Meabek, organikoa dela dio. Hortaz, hitza haragiztatzen duten idazleen tradizioan txertatzen da bermeotarra. Hitzaurre batek bermea eskaintzen dio lan bati, babesa; areago, autorea hasiberria denean. Honako honetan, Iraitz Urkulo kritikariak aipatutakoarekin bat nator, Meaberen oharrek interpretaziorako gako dexente ematen dituzten heinean, agian hitzen atzean beharko luketela, irakurlea hainbeste ez baldintzatzeko.