24 ENE. 2015 Aizkora | Urrezko lehiaketa Finalerdietarako bidean Iraetan egingo da geldialdia Mikel Larrañaga eta Ruben Saralegi, Jon Rekondoren eta Ander Erasunen aurka neurtuko dira. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorako finalerdietarako bidean, geldialdia egingo da Iraetan, eta han jokatuko da bihar, 17.30ean, final-laurdenetako jardunaldia. Mikel Larrañaga eta Ruben Saralegi, Jon Rekondoren eta Ander Erasunen aurka neurtuko dira. Garaipena lortzen duen bikoteak Julen Kañamaresen eta Arkaitz Jauregiren aurka neurtu beharko du finalaren atarikoan. Kanporaketa oso erakargarria geratu da, lau gazte arituko baitira lanean eta horrek berak jende asko eramango baitu saiora. Hala ere, Rekondok eta Erasunek eskarmentu handiagoa dute, eta horrek faborito jartzen ditu, nahiz eta hasiera batean ez den alde handirik ikusten. Mikel Larrañagak eta Ruben Saralegik denboraldi paregabea egin dute; aurreko urtea bikaina izan da eurentzat, eta aurtengoa ere horrelakoxea izan dadin prestatzen ari dira. Larrañaga etxetik gertu arituko da, eta horrek bere ezagun eta lagun asko erakarriko baldin baditu ere, inguruko aizkorazale asko gerturatuko da Iraetara bera ikusteko gogotsu. Sei lan ezberdin egin beharko dituzte, eta garaipena norena den jakiteko, saio guztietako lanen denborak batuko dira. Ustez, iraupen probara arte, azkeneko lanera arte, ez da erabakiko norgehiagoka, aurretik zaila izaten baita denbora asko ateratzea. Hala ere, aurreko kanporaketetan ere horrela uste izan da baina batzuetan azkeneko ekinaldira gauzak nahikoa erabakita sartu izan dira. Bigarren Maila Bigarren Mailako jardunaldia gaur jokatuko da, Zerainen, arratsaldeko sei eta erdietan hasita. Hantxe izango dira mailako hiru bikote; hain zuzen ere, Xabier Zaldua eta Xabier Dorronsoro, Aratz Mugertza eta Julen Larrea, eta Mieltxo Mindegia eta Joxean Etxeberria arituko dira nor baino nor. Hurrengo kanporaketarako garrantzitsua izango da gaurko neurketan garaipena lortzea. Xabier Dorronsoro etxean arituko da, eta bultzada horrekin gaur garaipena lortzeko faboritoa da. Zaldua izango du lagun, eta bikote arriskutsua osatzen dute. Hala eta guztiz ere, beste bi bikoteak ere pare samarrekoak dira, eta edozeinek irabazteko moduko saioa izan daitekeen itxura ere badauka gaur arratsaldekoak. Hemen ere bost lan ezberdin egin beharko dituzte, eta bakoitzeko denborak batuta erabakiko da zein den gaurko saioko irabazlea. Dena dela, aurreko lanak laburrak dira, eta gauzak normal joanda azkenekoan, iraupen proban, alegia, erabaki beharko litzateke, nahiz eta zutikako enborrek behin baino gehiagotan nahi baino min handiagoa egiten duten.