25 ENE. 2015 KOLABORAZIOA Aurtengo Korrika Han sacado a pasear las pútridas momias anunciadoras del apocalipsis. Los fantasmas agitados, los de siempre y uno más: a la amenaza rojo- separatista interna, un clásico, se le une ahora la yihadista Geure-geurea den hizkuntza besteak baino gehixeago estimatzen dudalako, eta gainera bizirauteko, inguruko beste bi hizkuntza horiek baino askoz ere premia handiagoa duelako, animatu nahi ditut pertsona guztiak, nola edo hala, parte hartzera Korrikaren alde Xanti Begiristain Madotz Euskaltzalea Ilbeltzaren 17an, Iruñeko Santo Domingo azoka barruan, AEK-k aurtengo Korrikaren aurkezpena egin zuen. Besteak beste, neroni ere gonbidatuta nengoen ekitaldiari neronen sostengua emateko, baina azken orduko arrazoi batek eragotzi zidan bertan parte hartzea, eta horregatik, nire egon ez izana nolabait konpentsatu eta ordaintzeko, zenbait gauza esan eta adierazi nahi ditut. Aurtengo Korrika Urepelen hasiko da martxoaren 19an eta Bilbon bukatuko 29an. Jende guztia animatu nahi dut parte hartzera jardunaldi horretan, eta ez bakarrik ongi pasatu ahal delako, kirola egin ahal delako edota jende ezagun askorekin topatu ahal delako, ez, baizik eta Espainia eta Frantziako estatuek Euskal Herria eta bere hizkuntza konkistatuak, menperatuak, kolonizatuak eta morrontzapean dituztenetik, euskara burua altxatu ezinik dabilelako. Baina kontuz, ez euskara munduko gainerako hizkuntzak baino gutxiago delako, ez, hori guztiz argi dago, baizik eta zapalkuntza horrek oraindik ere hortxe jarraitzen duelako, ezkutuko modu sofistikatuago batean nahi bada, baina egon hor dago, eta etenik gabe jarraitzen du gainera bere jardunean, betiere euskara baztertu, balaztatu, oztopatu, desprestigiatu eta azken batean galarazteko. Horixe da euskara dagoen egoeran egoteko arrazoi handiena eta bakarra; alegia, Euskararen Herria eta bere nazioa oinperatuta daudelako, eta estaturik gabe. Horrexegatik, geure-geurea den hizkuntza besteak baino gehixeago estimatzen dudalako, eta gainera bizirauteko, inguruko beste bi hizkuntza horiek baino askoz ere premia handiagoa duelako, animatu nahi ditut pertsona guztiak, nola edo hala, parte hartzera Korrikaren alde; batez ere, diru-laguntzak emanez, eta gauza bera eginez euskararen alde ari diren gainerako talde, kolektibo, instituzio eta erakundeen alde, batik bat ikusita Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko arduradun politiko handienak zer politika zeken eta gaiztoa egiten ari diren euskararen aurka. Bukatzeko, ez dut utzi nahi esan gabe nire lehenengo lanak AEKn egin nituela joan den mendean, bospasei urtez gutxienez, Iruñeko Joan Amendux izeneko gau-eskolan, eta hantxe irabazi nituen nire lehenengo lansariak. Aspaldian, oso aspaldian, pentsa ezazue, garai hartan bigarren eta hirugarren Korrikak-edo antolatzen aritu baikinen, oso oker ez banago. Gora Korrika, euskara irakasleak eta batez ere Euskal Herri euskalduna!