25 ENE. 2015 Berezkoak Gazteek hartu dute Buruz Buruko Txapelketako agintea J.L. Gazteek hartu dute Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako agintea. Herenegun gauean jokatu ziren final-laurdenetako bi kanporaketetan nagusi izan ziren bai Bixintxo Bilbao, baita Battitte Ducassou ere. Ezustea Bilbaok eman zuen, egungo txapelduna, Paxkal Ezkurra, mendean hartuta. 40-38 irabazi zion, 76 minutuz pilotan aritu ostean. Bukaera eztabaidatsua izan zen, eta azkenean epailearen lana ere ezbaian egon zen, erabaki eztabaidagarria hartu baitzuen. Egungo txapelduna 38-37 irabazten ari zenean, beretzat behar zuen kintzea epaileak Bilbaori eman zion, partida 38na berdinduz. Ondoren, Bilbaok ez zuen barkatu, eta finalerdietarako txartela lortu ahal izan zuen. Ordura arte ere partida oso estua izan zen, berdinketa ugarirekin. Biek egin zuten aurrera egiteko adina meritu, baina batek pasa behar zuen, eta Bilbao izan zen hori. Partida polita izan zen, eta biek eman zuten maila oso ona. Bilbao profesionaletara iritsi berria da eta lehendik helburua beteta baldin bazuen, atzokoaren ostean are sentsazio hobeak izango ditu. Botetik 15 tanto egin zituen Bilbaok, eta 3 Ezkurrak. Hori izan zen gakoetako bat, nahiz eta gero jokoan Ezkurra gehiago izan zen. 5-5, 6-6, 14-14, 16-16, 21-21, 22-22, 25-25, 31-31, 34-34, 36-36, 37-37, 38-38 eta 40-38 izan zen partidako markagailuaren mugimendua. Bigarren kanporaketan ez zen kolorerik egon, 40 eta 21 irabazi baitzion Ducassouk Boinebeltxeri, eta garbi dago bera dela txapela lortzeko faborito nagusia. 64 minutu iraun zituen neurketa honetan aparteko partidarik egin gabe irabazi zuen faboritoak, hasieratik bukaerara jaun eta jabe izan baitzen. Saketik 7 tanto egin zituen Ducassouk, eta bat gutxiago, berriz, Bonebeltxek. 6-0, 7-7, 16-8, 18-10, 21-12, 22-16, 28-18, 29-21 eta 40-21 izan ziren kanporaketako zenbakiak. Gaur jokatuko dira geratzen diren beste bi kanporaketak, 16.00etan hasita. Armendaritzen jokatuko dira bi partidak. Aurrenekoan Harizmendi eta Ximun Lanbert neurtuko dira, eta lehenengoa aterako da faborito. Ondoren Waltariren eta Larralderen artekoa jokatuko da, eta Larralde gaztea da faboritoa; dirua alde izango du. Garaipena lortuko balu, hiru gazte sailkatuko lirateke.