26 ENE. 2015 Surfa Gezurra nagusi Arratsaldeko lauretan olatuak oraindik ez dute tsunamiaren altuerarik, ezta gutxiago ere. Ez da arriskurik. Hedabideek ordea, apokalipsia iristear dela esaten jarraitzen dute. Zergatik sinesten diezue gehiago gezurti profesionalei, itsasoa aurrean duzuela zuen begiek ikusten dutenari baino? Zertarako deitu Joxe Landari, beste hedabideetako esanak eredu badituzue? Surflari Ernegatua Asteartea, 2015eko urtarrilaren 20a. Hotz egiten du. Hego haizea neguan ez dator Afrikatik, mendi tontor elurtuetatik baizik. Arratsalde zinez lasaia da, metro bateko olatu garbiak, itsas txakurrak diruditen zenbait surflari eta itsasertzaz gozatzera gerturatu diren helmuga gabeko arima ibiltariak han-hemenka. Lainoek ezkutatzen duten laranja erraldoia erortzear dela, bat-bateko haize ufada batek ezerezetik erori berria den hosto lehor bat mugitu ahal izan du, esfortzu handiz... Irratiek ordea, munduaren amaiera iristear dela iragartzen dute. Iritsi da asteazkena. Gauak luzeak eta hotza jasangaitza den Galiako lurretako Asterix eta Obelixen herrixkan ere biztanle guztiak leize batean bildu dira, elkarrekin, beldur dioten gauza bakarrari aurre egiteko, alegia, zerua buru gainean erortzeari. Horixe bera iragarri baitute Euskal Herriko komunikabide guztietan. Euria ari du bai, baita haizea ere. Antza, batzuentzat gertaera bitxia da urteko sasoi honetan. Arratsaldeko lauretan olatuek oraindik ez dute tsunamiaren altuerarik, ezta gutxiago ere, eta argi da itsasgoran, gehienez txangozale despistatu baten oinak baino ez direla bustiko. Aldiz, hedabide guztiek apokalipsia iristear dela esaten jarraitzen dute. Begi bistakoa da egoeraren larritasuna hutsaren hurrengoa dela, baina albisteak albiste izaten jarraitzen du, eta gehiago, baita albisteak sortzen ere. Hurrengo egunerako olatuen altuerak behera egingo omen du eta eguraldia ere atseden txiki bat hartzeko asmotan omen dabil, baina alerta laranjak indarrean jarraitzen du, badaezpada ere... Gaueko albistegian aferak bere denbora tartea izan du. Bestela ere gezurretan ibiltzera edo egia gordinak estaltzera ohituta dauden telebistan, eguraldiaren tartean ere gezurretan aritzea erabaki dutela dirudi. «Gaur olatu oso handiak izan dira», dio irribarre xarmagarria duen eguraldi iragarleak. «Ez da kalte materialik izan». Lastima. Eta Zarauzko malekoia agertu da irudietan. Ura, ia-ia, tabernen atarietara iritsi da. Kasuren batean kresalak leihoetako eskulekuak herdoildu ditu. Eskerrak egiaz itsaski handirik izan ez den, zeren Zarauzko malekoian txikizioak gertatzeko orain baino baldintza hoberik ez da inoiz izango. Iaz Udalak isuri zuen hondarrari esker, hondartza eta malekoia maila berean baitaude. Ez zaituztet ulertzen inguruko kazetari eta lagunak. Nik ez dakit Euskal Irrati Telebistakoek halako alarma eta albiste faltsuak iragartzeko zein interes duten; bost axola zait, baita zerua haien buru gainean erortzen bada ere. Baina gainontzeko komunikabideek zergatik jarraitzen diote haria? Zergatik sinesten diezue gehiago gezurti profesionalei, itsasoa aurrean duzuela zuen begiek ikusten dutenari baino? Zertarako deitu Joxe Landari, gero beste hedabideetako esanak eredu badituzue? Gustatuko litzaidake, noizbait, iragartzen dituzten ekaitz tragedia-sortzaile horietako bat benetan etorriko balitz. Zein koloretako alarma iragarriko lukete orduan?