Ñapurrak eta Gaztedi izan dira bigarren jardunaldiko talde indartsuenak
Ñapurrak taldeak irabazi zuen 640 kiloko aurreneko jardunaldia eta txapela erabakitzeko unean kontuan hartu beharrekoak direla erakutsi zuen. Halere, oraindik lehen fase hau bukatzeko beste jardunaldi bat geratzen da, eta hor duten maila erakusten jarraitu beharko dute, nahiz eta denen helburua finalean sartzea den, eta han erakutsi beharko duen bakoitzak den guztia.
Ezpeletakoek lan bikaina egin zuten, eta amaieran lehen postu horretan amaitu ahal izan zuten. Bi handiak, ordea, atzetik sailkatu ziren. Abadiño A taldea geratu zen bigarren postuan, eta Ibarrak hirugarren amaitu zuen. Beraien atzetik, Sokarrolak laugarren postua eskuratu zuen; Muruetak, bosgarrena; Zuraidek, seigarrena; eta Abadiño B taldeak, zazpigarrena. Datorren asteburuan emaitzak errepikatuko balira, Abadiñoren bigarren taldea geratuko litzateke kanpoan. Agertu ez zena, aurreko jardunaldian gertatu zen bezalaxe, 6 Conceyos talde asturiarra izan zen.
Emakumezkoetan, 405 kilokoan neurtu ziren taldeak, eta hor Gaztedi taldea izan zen nagusi. Bi itzuli jokatu zituen, eta aurrenekoan kitarakoa jokatu behar izan zuten Gaztedik eta Ibarrak, baina bigarrengoan bizkaitarrek irabazi zuten. Bigarren itzulian biak irabazi zituen Gaztedik.
Ibarrak, berriz, bigarren postuan amaitu zuen, bi jardunaldietan tiraldi guztiak irabazi baitzizkion Gasteizko taldeari. Arabarrek ezin izan zuten tiraldi bakar bat ere irabazi, eta eurak izan ziren lehen jardunaldia itxi zutenak.