GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Euskal selekzioak: herri gisa joka dezagun


Oparo eta esperantzagarria izan da 2014. urtea, eta bereziki horren bukaera eta urte berri honen hasiera, Euskal Herriko kirolarentzat eta kirolarientzat, ofizialtasunari zein nazioarteko parte hartzeari dagokienez bereziki.

Alde batetik, sokatirako euskal selekzioak Estatu Batuetako mundu txapelketan lorturiko arrakasta bikoitza izan zen, garaipena gurera ekartzeaz gain nazioarteko federazioan eskubide guztizko partaide bezala onartu izanak aurrekari garrantzitsua ezarri baitu.

Bestetik, Gabonetan zenbait kirol modalitatetan (errugbian, euskal pilotan, saskibaloian, eskubaloian, softbalean eta futbolean), euskal selekzioek nazioarteko norgehiagokak jokatu zituzten, euskal zaleen erantzun masiboa izan zutenak. Gainera, euskal herritarren parte hartzea ez zen partidetara joatera mugatu, ofizialtasunaren aldeko jauzi mugimenduaren jaiotzak herritarrak eta kirolariak batuz ekimen berritzaileak zein arrakastatsuak izan zituen.

Beste plano batean, Euskadiko Errugbi Federazioak eta Baionako Lehen Mailako Aviron errugbi taldeak «Elgarrekin Euskal Errugbia» izenpean hitzarturiko lankidetzak garapen eremu zehatza ezarri du Euskal Herria bere osotasunean errealitate desberdindu eta kirol honentzat bezala.

Erakundeei dagokienez ere, pauso interesgarriak eman dira; Eusko Jaurlaritzak eskaturiko txosten juridikoak eta honek iradokitako gomendioak zein Fifa datetan jokatzeko harturiko konpromiso publikoak.

Udalbiltzak, bestetik, Euskadiko Euskal Pilota Federazioarekin elkarlanerako aurreneko akordioa sinatu zuen. Elkarlanaren lehenengo ondorioa Mexikoko -oraingo munduko txapelduna- selekzioaren aurka euskal selekzioak egindako pilota jaialdi arrakastatsuak izan ziren. Pilotako federazioarekin adostutako akordioa beste federazioekin ere sinatzeko asmoa du nazio mailako instituzioak 2015. urtean ondorengo hiru helburu nagusiak bultzatzeko:

1.- Euskal Herriko kirolaririk onenak nazioarteko lehiaketetan Euskal Herria ordezkatzen parte hartu ahal izatea lurralde bazterketarik gabe.

2.- Euskal Herri mailako lehiaketak egitea (euskal lehia markoa).

3.- Euskal Herriaren marka eta irudia kirol eremuan hedatzea.

Hiru ildo horien gaurkotasuna, bideragarritasuna zein haiei Euskal Herriko jendarteak eta kirolari gehienek emandako babesa inoiz baino argiagoa da.

Ordua da Euskal Herriaren eta Euskal Kirol zein selekzioaren alde apustu egiteko: baldintza objektibo guztiak ditugu; hainbat kirol diziplinatan punta-puntako kirolari zein taldeak, nazioartean Euskal Herriaren izenean lehiatzeko hainbat bide, Euskal Herriak duen kokapen geografikoari zein azpiegitura sareari esker nazioarteko txapelketak antolatzeko erraztasuna, Euskal Herria kirol eremu propio eta desberdindua izateko gaitasuna, ekonomikoki bideragarriak izateaz gainera hainbat ikuspuntutatik errentagarriak diren proiektuak gauzatzeko aukerak han daude: (Anoetako zelaian jokaturiko lehen mailako errugbi partiduen eragin positiboa) eta kirolaz haragoko sektoreekin loturik (surfa eta turismoa) Euskal Herria markaren arrakasta frogatua.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, ezinbestekoa da azken urte hauetan eta bereziki aurreko urte bukaeran zein honen hasieran metatu den indar guztia 2015ean zehar ekimen praktikoetara bideratzea. Udal eremutik, gure konpromisoaren berri ematen dugu gure esku dagoen guztia egiteko, eta adierazi nahi dugu borondate irmoa dugula aipaturiko hiru ildo horien gainean kirol munduko agenteekin elkarlanerako akordioak sustatzeko.

Kirol arloan ikusten eta balioesten dugun kontsentsu eta erabakitasun honek pizgarri izan beharko luke balio horiek politikaren eta erakundeen arloetara eramateko. Udalbiltzaren ustez, gure herrian erantzukizun politikoak ditugunok pausoak eman behar ditugu herritarrek eta Euskal Herriko kirolariek esandako bidean. Kirolean egiten ari diren urratsak Euskal Herriak egin beharreko bidearen erakusgarri dira.