GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Poemak «Minde»-rentzat


Euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten abokatuen eta eragileen aurkako azken polizia operaziooaren ondorioz hiru lagun daude oraindik kartzelan. Ez ditut bidegabeki espetxeratutako lagun horiek ezagutzen, eta horietako bati buruzko erreferentzia bakarra dut: «El Filtro» liburua, orain dela sei urte Jon Mindegiagak idatzia.

Urte horretan bertan Uruguain egoteko aukera izan nuen, eta liburuan aipatzen diren protagonistetako batzuk eta lekuak, El Filtro izeneko ospitalea bera, bertatik bertara ezagutu nituen. Bitxia izan zen gerora Jon Mindegiaren liburua irakurtzea, 90eko hamarkadaren hasieran gertatua, PSOEren garaian, euskal errefuxiatuen eta Uruguaiko herriaren aurkako errepresioaren kronika bizia, ahanzturaren kontrakoa. Urte anitz igaro badira ere, edonork izan dezake gertatutakoaren berri Jon Mindegiaren liburuari esker.

Urte honen hasieran guardia zibilen erakustaldi errepresiboarekin batera burura etorri zait Idea Vilariño poeta uruguaiarraren «Zergatik» poema: «Zergatik/ oraindik/berriz ere/ itzuli den min zahar hori/ bihotza zartatzen didana/ bitan erdibitzen nauena/saminez betetzen nauena./ Zergatik/ gaur/ oraino».

Ez da oso ezaguna emakume honen poesia hemen, baina Juana de Ibarbourou-rekin batera XX. mendeko Uruguaiko poetarik handienetakoa dugu, eta olerki horrek ederki islatzen du askok sentitu duguna ikustean guardia zibil armatuak euskal herritarrak berriz ere eramaten, urte hasierako beste sarekada mediatiko honetan.

Bilboko kaleetara, eta Donostiakoetara, eta Iruñekoetara, eta gure herrikoetara atera eta aterako gara presoen eskubideen alde, dispertsioaren aurka, eta giza eskubideen aldeko gure atxikimendua bizkortzeko unea heldu da. Izan ere, Idea Vilariñoren beste poema batek hauxe diosku: «Norbera bizi da/ hildakoekin/ hor daudenekin/sufritzen dutenekin bizi da/eta lumatuekin/ eta presoekin /bizi da».

Bele asko oraindik hegan, presoekiko elkartasunaren zigortzaile, konponbideari oztopo eta traba; guk elkartasuna eta hitza dugu arma, eta horregatik Ibarrako hormetan norbaitek utzi du idatzia ahanzturaren kontra: «Minde, Herria zurekin».