GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Ñapurrak taldeak aurten txapela lor dezakeela erakutsi nahi die Abadiño eta Ibarra faboritoei


Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako hirugarren jardunaldia izango da, eta mutilen kasuan 640ko bigarren ekinaldia jokatuko da. Bihar 11.00etan Bilboko Casilla kiroldegian. Leku berean 405 kiloko emakumezkoen bigarren jardunaldia ere jokatuko da.

Mutiletan 640ko bigarren ekinaldia eta lehen faseko azkena jokatuko da, izan ere, aurreneko sei sailkatuek lortuko dute datorren asteburuan jokatuko den finalerako txartela. Lehen jardunaldian Ñapurrak taldea izan zen onena, eta Ezpeletakoek garbi utzi zuten amaierara begira kontuan hartzekoak direla, eta txapela lortzeko faboritoen zerrendan ere sartu beharko direla hemendik aurrera.

Lapurtarren atzetik sartu ziren, ordea, bi faboritoak, Abadiño eta Ibarra, eta beraiek garbi daukate lehentasuna finalean sartzea dela, ez jardunaldiak irabaztea, azken batean garaipenak han balioko duelako. Ezeren okerrik ezean, hirurak izango dira azkeneko saio horretan, bestela deskalabru handi samarren bat izan beharko luke, eta hori zaila izango da.

Sokarrola, Murueta eta Zuraide izan ziren euren atzetik sailkatu ziren beste hiru taldeak, eta emaitzak errepikatuko balira, finalean ere sei horiek izango lirateke. Azkena Abadiño B sailkatu zen lehen jardunaldian, eta oraingoz eurak daude azkeneko ekinalditik kanpo, baina berdeen bigarren taldea saiatuko da emaitzak hobetu, eta aurretik dutenen bat gainditzen.

Emakumezkoetan hiru talde besterik ez dira, eta saio oso gogorrak iragartzen dira, hirurak ere oso talde onak direlako. Pisu honetan hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko da, eta ahalik eta punturik gehien lortzea izango da helburua, beraz, garrantzitsua da irabazten hastea, eta hor Gaztedik txapela lortzeko lehen pausoa eman zuen, beraiek irabazi baitzuten.

Atzetik Ibarra eta Badaiotz sailkatu ziren. Garbi dago orain presioa beraiek izango dutela. Txapela lortu nahi baldin badute, ezin dute hutsik egin geratzen diren beste bi jardunaldietan. Biharkoa ere oso saio lehiatua izatea espero da.