Battitte Ducassouk unerik onenean apurtu du partida
Hamahirugarren kintzera arte bi pilotariak parean joan ziren, baina hor 13-0ko partziala sartu zuen Itsasuko atzelariak. Gero Bixintxo Bilbaok ezin izan zion horri aurre egin, eta finalean sartu zen.
DUCASSOU 40
BILBAO 32
Ez zen ezusterik izan, eta Battitte Ducassouk jokatuko du hemendik bi astera Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako finala. Aurkaria gaur arratsaldean ezagutuko du, Donibane Garazin neurtuko baitira Ximun Lanbert eta Larralde.
Berezkoen Buruz Buruko honetan gazteek aginte makila atera dute, eta zaleek hori eskertu dute, atzo sekulako giroa bizi izan baitzen Arrangoitzen. 500 ikusle sartzen dira eta sarrerak agortu ziren. Gehiagorentzat lekua izan balitz, segur aski ere salduko ziren. Gazte jendearen erantzuna ere handia izan zen, erabateko protagonismoa izan baitzuten harmailetan.
Bi gazte, biek 23 urte, baina bien artean alde handi samar bat ere bazen. Bilbao oraintxe iritsi da profesionalen mundura; Ducassouk, aldiz, laugarren denboraldia du, eta eskarmentu hori nabaritu egin zen, batez ere unerik garrantzitsuenetan.
Partida parean joan zen hamahirugarren kintzera arte. Hortxe izan zen azkeneko berdinketa, baina hortik aurrera dena apurtu zen. Ducassouk 13-0ko partzial bat sartu zuen, eta horrekin finalerdia ia erabakita utzi zuen, markagailuak 26-13koa erakusten baitzuen.
Ducassouk badu eskarmentua, eta garbi zegoen zaila izango zela alde hori alferrik galtzea, eta horrelaxe izan zen. Bilbaok erreakzionatu nahi izan zuen, apur bat murriztu zuen aurka zuen aldea, baina Ducassouk aurrera egin zuen. Hala, garaipena lortu zuen, eta honekin baita bere aurreneko finala jokatzeko txartela ere. Bilbaok ere aitzakiarik gabeko txapelketa egin du. Aurreneko urtea du profesionaletan, eta ondorioz lehen kanporaketan hasi behar izan zuen, eta finalerdietaraino iritsi da.
Gaur jokatuko da bigarren finalerdia Donibane Garaziko trinketean, 17.00etan, nahiz eta jaialdia 16.00etan hasiko den. Ximun Lanbert eta Peio Larralde izango dira aurrez aurre. Ez dago faborito garbirik.