«Ghandizalea naiz, antimilitarista, baina ez itsua eta ez inozoa»
Bere bizitzari errepasoa egin dio Joan Mari Irigoienek (Altza, Donostia, 1948) lerrootan. Hastapenak, garapenak eta ondorenak. Gizarteaz, idazkuntzaz, politikaz eta hizkuntzaz ari da, espainiarrez eta abertzale euskaldunez, boterekeriaz eta herritarrez. Ikusitakoak eta ikasitakoak ekarri ditu gogora.
«Nik ez dakit non hasten den gure baserriaren historia, hura egin zutenean edo Isaias profetak Babiloniako herria madarikatu zuenean». Halaxe diote «Babilonia»-ko lehen hitzek. Eta zure letren historia, non hasi zen?
Nik banuen gauza bat alde, idazle izateko: aitaren irakurzaletasuna -«Kixote»-a esaterako, hogei aldiz irakurri zuen-: hain zen irakurzalea -poema kostunbrista batzuk ere idatzi zituen-, non, tarteka, seme-alaboi ere irakurtzen baitzizkigun ipuin batzuk. Gero, Mundaizko korazonisten ikastetxean nenbilela eta 11-12 urte nituela, ahapaldi edo estrofei buruzko ikasgaian -kuartetak eta kuartetoak, redondillak eta serventesioak, e.a.- irakasleak ariketa batzuk eginarazi zizkigun, eta orduantxe osatu nuen neure lehen poema... zeharo ahaztuta daukadana, zorionez.
Gero, 14 urte nituela, Euskal Herriari buruzko erromantze luze bat idatzi nuen... hura ere ahaztuta. Handik urte pare batera-edo, gaiari eutsiz, beste poema bat idatzi nuen -«Oda a Euskal Herria»-, Ruben Darioren eraginpean: poema honen hasiera, baina, ederki gogoratzen dut, gogoratzeko modukoa baita: «Rústico pueblo viril». Gogoratzen naiz, halaber, lantxo harengatik poema feminista onenaren saria jasotzekotan egon nintzela, Europa mailan, baina, azkenean, ez zidaten eman, hain da krudela eta bidegabea, izan ere, literaturaren mundu hau...!
Geroztik, baina, bidegabekeria hura garbitzeko ahaleginean-edo, Alardeko kide batzuk ari dira urtero-urtero, ohorezko kantinera izendatuko ez ote nauten, baina horretan ere, orain artean, ez dut zorte handirik izan, eta halaxe nabilkizue, kalabazaz kalabaza...
Hurrengo saioan, berriz, nire lehen liburuari ekin nion -euskaraz, hori bai, ordurako egina bainuen euskararen aldeko hautua-. Poema-liburu bat zen: «Hutsetik esperantzara», ordura artean bildutako kalabazen erdian, Irun Hiria saria jaso zuena.
Ingeniaritza ikasketak egin, futbolean aritu... Eta ondoren Hego Amerikara. Benedetti, Garcia Marquez... Zer deskubritu zenuen lur haietan?
16 urte nituela, batxilerra bukatuta, ez nekien zer karrera egin, eta, azkenean, erosoena egitea erabaki nuen: etxean gelditzea eta ingeniaritza ikastea... nahiz eta ordurako garbi ikusten nuen nik espazio batzuk behar nituela, hegan egiteko: fabrika batean ez nuela luze iraungo, alegia! Baina, hara: karrera bukatu, futbola alde batera utzi, eta Venezuelara joateko ametsa bete ahal izan zuen... Ni Amazoniako proiektu bat bultzatzekotan joan nintzen lur haietara, baina proiektua atzeratu, eta, hondarrean, fisika -eta matematika- irakasle gisa aritu nintzen, jesuitek zuzentzen zuten Caracasko auzo marjinal bateko ikastetxean.
Bi urte egin nituen Venezuelan, nire bizitzako urterik ontsuenak agian... haurtzaroan bizi izandakoekin batera, jakina. Han, alde batetik, Latinoamerikako idazleen lana irakurtzeko aukera izan nuen (Rulfo, Garcia Marquez, Onetti, Benedetti, Borges, Icaza, Lezama Lima, Cortazar, Jose Donoso, Carlos Fuentes, Jorge Amado, Roa Bastos, Vargas Llosa...); bestetik, Amazonia ezagutzeko aukera izan nuen... baita Caracasko gauak ere, besteak beste. Ni, Venezuelara joan aurretik, mutil xume bat nintzen, herri txiki batean jaioa -Altzan-, nahiz eta gure Altza hura ere berandu gabe hazi zen, itxuragabe hazi ere, zementua hemen eta zementua han...; kontrastean, Venezuelan jaio nintzen mundu zabalera: hantxe ireki zitzaizkidan, bai, zeru-infernuetaraino, begiak...!
«Egin»-en eta ETBn lanean aritua zara, baita irakasle ere. Baina literaturaren errekastoan behera egin zenuen azkenean. Urak eraman zaitu zure ibilbidean? Ala ubideak eraiki nahi izan dituzu?
Venezuelatik bueltan, «Egin»-en hasi nintzen lanean, testuen zuzentzaile taldean. Egunkari berriak hasiera gogorra izan zuen: egunkariaren ekoizpenean, izan ere, bazegoen elementu ezinbesteko bat -garun elektronikoa-, noiznahi huts egiten zuena. Erantsi horri borroka ideologiko bat ere bazegoela, hainbat sektoreren artean... eta errazago izango zaizu ulertzea nola egunkaria, halako batean, iritsi zen krisi larri batera. Orduan, gastuak-eta murrizteko, enpresa uzteko boluntarioak eskatu zituzten... eta, nik garbi nuenez ordurako idazlea izan nahi nuela, izena eman nuen. Horrela egin nituen bi urte langabezian, neure euskara hobetzeko erabili nituenak (hemen Axularren «Gero»-rekin egin nuen lana azpimarratu beharko nuke, goiak eta beheak aztertu... eta tripak ere ateratzen nizkiola), baita idazlanen bat egiteko ere.
Handik aurrera, erdibideko irtenbide baten bila ibili nintzen, idazteko grinaren aurretik baitzeuden beste behar batzuk... horien artean, janariari edo aterpeari lotutakoak. Nire bi helburu haiek lortzeko, beraz, eguna bitan banatu behar izan nuen: batetik, neure bizi-mantenuari aurre egiteko, lan bati ekin behar izan nion (hamar bat urte egin nituen horrela, hainbat ikastolatako irakasle, guztietan ere goiza edo arratsaldea libratzen nuela; Euskal Telebistan, berriz, beste hainbeste urte egin nituen, pelikulak itzultzen eta egokitzen); eta, libratzen nituen orduetan, idazten eta idazten aritu nintzen, noski... harik eta, halako batean, Elkar-eko jendearekin tratu bat egitera heldu nintzen arte, egun osoan idazketari emana bizitzeko aukera eskaini zidana.
«Lur bat haratago». Orain arte euskaraz idatzitako nobelarik zabalena. Nafarroa eta Lapurdi. XVII. mendea. «Babilonia»-n ere atzera jauzi egin zenuen, XIX. mendera. Zer geratu zaigu bidean euskaldunoi?
Bai, «Lur bat haratago» euskal nobelarik luzeena izan zen bere garaian, baina horiek marketin kontuak izan ziren nagusiki; nobela batean, izan ere, luzerak ez dizu kalitatea bermatzen; aitzitik, alderantziz izaten da maiz. Hara: Juan Rulfok, bere garaian, «Pedro Páramo» idatzi zuen, ehun bat orriko nobelaxka... nobelaxka izan arren, nobela handi-handi bat ere badena. Hamalau mendi daude munduan 8.000 metro baino gehiago dituztenak. Bada, nik, eta simila onartuz, «Pedro Páramo» hamalau nobela onenen artean sartuko nuke.
Behin hori esanda, egia da, bai «Babilonia»-n bai «Lur bat haratago»-n, geure iraganera jo nuela. Geure iraganaz, baina -eta zure galderari erantzunez-, mila kontu atera daitezke: horietako bat -garrantzitsuena, agian-, «indarra eta indarkeria» aintzakotzat hartuko lituzkeena izan daiteke. Ni Gandhiren zalea naiz, antimilitarista, baina ez itsua eta ez inozoa. Zer esan nahi dut horrekin? Badakidala, gutxi gorabehera, mundu honek nola funtzionatzen duen. Eta zer ikusten dut, bada? Munduan ezarri nahi den ordenan, norberaren indarra -armak eta armadak, alegia- dela erabakigarri: euskaldunok, baina, Orreagakoaz aparte, ez dugu gerra bakar bat ere irabazi. Are gehiago: gure etsai politikoek gerra irabazi izan duten bakoitzean legedi estuago bat jarri izan digute -estatutuak, konstituzioak, eta abar-, beren armadak bermatua beti, hori bai. Zer lortzen dute horrela? Propaganda-tresnak beren ideologiaren zerbitzuan jartzea. Zertarako? Ideologia hori eta eta hari lotutako pentsamendua normaltasunari lotzeko. Gainerakoak, berriz -gu, alegia-, normaltasunetik kanpo geratzen gara: anormalak gara. Hala, guardia zibil batek esaten badu: «Todo por la patria», hori normala da; abertzaleren batek esaten badu: «Aberria ala hil», anormala; anormala ez ezik, terroristatzat ere hartuko dute, baita bizitza osorako kartzelan sartu ere. Gure nortasun agiriak espainola behar du izan, inola ere ez euskalduna. Espainiera bera ere obligaziozko hizkuntza da, euskara eskubidezkoa. Eta horrela alor guztietan. Espainolizatu egin nahi gaituzte erabat. Grazia egiten dit, esate baterako, nola dabiltzan alderdi espainol nagusiak gaur egun, abertzaleon edozein eskariren aurrean: «Zuen independentzia-eskariak zatitu egingo gintuzke herri gisa». Hori esaten digute noiznahi. Noiz konturatuko dira gure etsai politikoak, ordea (haiek ere aspaldi konturatu ziren, egia esan, baina ziniko hutsak dira, botereari eusteko bitarteko guztiak erabiltzen dituztenak: tranpak, gezurrak eta disimuluak...), abertzaleok ere haustura-sentimendu horrekin bizi garela aspaldidanik? Guk ez baikenituen haiek konkistatu, haiek gu bai: batean espainolek, bestean frantsesek, hainbat eta hainbat gerraren ondorioz zati-zati eginik utzi gintuzten.
Horrela jokatu ohi dute gure etsai politikoek, nahiz eta horien artean ere mailaz mailako sailkapenak egin ditzakegun, hauek bigunagoak eta haiek gogorragoak... Baina bai, bentajista hutsak dira, oro har, armak edo legeak... armak eta legeak alde dituztenak.
Beste adibide bat emango dizut: horra hor euskal presoak, politika mendekuzko baten mende, Galindo karezko koadro suprematistak egiten dabilen bitartean. Zeinen barkaberak diren espainolak beren hiltzaile eta torturatzaileekin, zeinen mendekatiak euskal presoekin! Baina eman diezaiodan amaiera galdera honi behingoz. Euskal Herriaren proiektuan sinesten dugunok asko galdu dugu bidean, bistan da, baina oraindik bizirik gaude: hori da inportanteena; euskara, berriz, gaixo dago, bai... baina baita inoiz baino indartsuago ere. Bidean aurrera egiteko, berriz, hauxe falta zaigu: abertzaleok (alderdiak, sindikatuak, e.a.) akordio minimo batzuetara heltzea, bestela jai... Eta gero, zer...? Gero gerokoak!
«Pistolak eta epistolak» bada mahai gainean eman duzun kolpeetako bat. Kontakizuna fikziozko hiri batean garatzen bada ere, Iruñea eta Nafarroa izan daitezke benetako kokalekuak. Ustelkeria, boterekeria... Zor moralen bati edo erantzun diozu liburu horrekin?
Idazle batzuek pentsatzen dutenaren arabera, politika ez da lagunik onena lan literario bati ekiteko: politika hori beren pentsamoldearen aurkakoa bada, zer esanik ez. Ni, ordea, beste iritzi batekoa naiz. Zergatik ezin da sartu politika nobela batean, nobela denean generorik orojaleena, guztia irensteko gai dena? Bestetik, hain da inportantea politika, gizakiok ditugun egitekoen artean...! Horregatik, idazleon artean politikaren aurkako iritzi hori ere bazelakoan (nik aurreiritzitzat jotzen dudana), egiten hasi nintzen nobelatxo hau, ahalik eta modurik lotsagabeenean... baita ahalik eta modurik bizienean ere, erritmoari dagokionez. Egia da, aukera nitzakeen era guztien artean, era karikatureskoena aukeratu nuela liburua egiteko. Baina ez ote da karikatura bera adierazpiderik onena gaurko errealitate ezin karikatureskoagoa (Barcenas eta PPko buruzagi ustelak, eta abar, eta abar / UPN, CAN, eta abar, eta abar) islatzeko? Horrekin batera, halako ezinikusia diet (ez gorrotoa, bestela lirudikeen arren) munduko boteretsuei, eta sentimendu horrek, haserre bizitik ere asko duenak, haiek salatzera ere eraman nau modurik errealistenean... fartsa edo esperpento baten bidez, alegia, besterik ez baitu merezi «España de charanga y pandereta» delakoak (esapidea Antonio Machado handiak asmatu zuen, ez nik). Munduko boteretsuek, izan ere, nahi dutena egiten dute gurekin -usatu eta abusatu-, eta guk ez ote dugu haiekin haserretzeko edo haien kontura barre egiteko eskubiderik, kritika zorrotz bat eginez, bide batez? Obligazioa ere bai, esango nuke nik...
Gazteei zuzenduta egin zenuen. Kontzientzia berriak husten ari al dira?
Gazteei zuzenduta dago, bai... baina ez gazteekin halako kexa berezi bat dudalako; esan ere esango nuke, aldiz, gazteak ederki mugitzen ari direla azken urteotan, ezta? Gazte asko ditugu kartzelan, mugitzeagatik... baita ez mugitzeagatik ere beste hainbat, xelebreak baitira agintari eta juje espainol hauek, ezta...?; beste gazte batzuk epaiketaren zain ditugu... ahaztu gabe Podemos-en inguruan sortu den mugimendua, Euskal Herrian bere eragina izan dezakeena.
Venezuela
«Venezuelan jaio nintzen mundu zabalera: hantxe ireki zitzaizkidan, bai, zeru-infernuetaraino, begiak...!»
«Egunero jartzen naiz teklatu aurrean eta ahal dudan bitartean segituko dut»
1973an kaleratu zenuen zure lehen lana. Ordutik, oso ibilbide emankorra izan duzu, genero desberdinetan egindako lanekin. Geratzen zaio Joan Mari Irigoieni gairen bati buruz idazteko gogoa? Izan al duzu betidanik paperera eramatea lortu ez duzun ideiarik? Forma egokirik bilatu ez duzulako, esaterako, askotan gertatzen den arazoa baita, ideia bat izan baina ezin gorpuztu.
Gustatuko litzaidake, bai, beste mila konturi buruz idaztea, baina badakit ezingo dudala, zuk ere badakizu zergatik. Testuren baten aurrean ez arre eta ez so geratu ote naizen...? Bada, ezetz esango nuke. Egia da, hala ere, testu batzuk beste batzuk baino zailagoak gertatu izan zaizkidala... askoz zailagoak ere bai, baina beti aurkitu izan dut ihesbide edo konponbideren bat, orain artean. Gainerakoan, orduak sartzea da sekretua. Zenbatetan eman ote diodan neure buruari aholkua: «ordubetean ezin duzuna bitan egin dezakezu, Joan Mari; edo hirutan...; eta, hala eta guztiz ere, ezinean segitzen baduzu, zaude lasai eta gorde testua, hurrengo egunean lanari berriro ekiteko, egun guztiak ez baitira berdinak: gaur aurkitzen ez duzun argia bihar ezustean aurkituko duzu».
Endekapenezko eritasuna diagnostikatu zizuten orain urte batzuk. Fisikoki baldintzatuta bazaude ere, idazteko ez duzu mugarik.
Bai, oraindik ere idazteko gai sentitzen naiz, eta egunero jartzen naiz teklatuaren aurrean ordu batzuetan -ez makina nekagaitz bat nintzen sasoian bezala, jakina- eta, ahal bitartean, horrela segituko dut, zin dagizut.
Gaur egun, zertan dabil Joan Mari Irigoienen luma?
Bere egunean esklerosia diagnostikatu zidaten; handik urte erdira-edo, berriz, depresio bati egin behar izan nion aurre; ondorio gisa, neure gaitz horien inguruko poema-liburu bat lantzen ari naiz, hilabete pare bat barru-edo aterako dena, titulua hauxe: «Bi urtetako kronika fakultatiboa»: (1912-1914). A.K.