07 FEB. 2015 HELDUEN LITERATURA Etxean izanda etxerik gabe Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria Garazi Kamioren bigarren liburuari, «Orube abandonatuak», hasiera ematen dion pasartean esaten zaigu «deserri guztiak dir[ela] berdinak». Deserri egoera, fisikoa zein psikologikoa, eragin duten faktoreak denetarikoak izan daitezke, baina deserrian dagoenaren jarrera «unibertsala» dela esan daiteke: iraganaz hitz egiteko ezintasuna, orainaldiari heltzeko zailtasunak, uneoro lekuz kanpo egotearen sentsazioa («etxera» itzuli nahi eta ezina, «etxea» izandako horretan aurkitu arren). Isiltasuna, etsipena, galera sentsazioa. Horra sintomak. Jarraian, tartekatuz doazen hiru istorioren bitartez erakutsi nahi zaigu hala dela, bizi baldintza eta garai ezberdinak egokitu arren Mariok, Mirenek eta Maiderrek, istorio bakoitzeko pertsonaia nagusia hurrenez hurren, deserria(n) bizi direla (dutela). 1940an kokaturik dago Mario protagonista duen kontakizuna, zenbait urtez Belchiten (Zaragoza) lan behartuak egiten ibili ostean etxera, Tolosara, itzultzen denean. Belchiteko bataila gerra zibileko pasarte ilunenetako bat da. Nazionalei aurrera egitea eragoztearren herria hartu zuten errepublikanoek, eta batzuen eta besteen arteko borrokan milaka lagun hil eta herria bera erabat suntsituta geratu zen. Gerra amaituta, Francok erabaki zuen herria berriro eraiki beharrean haren ondoan berri bat jasoko zuela, eta preso hartutako errepublikanoak jarri zituen zeregin horretan. Mario zergatik bidali zuten Belchitera ez zaigu behin ere argitzen. Berak errugabetzat du bere burua, eta herrira bueltan emazteak, Elenak, harrera beroa egitea espero du. Baina ez da hala gertatzen. Narrazioak irauten dituen bizpahiru egunetan emazteari bere itzulera zama eta lotsagarri zaiola ohartuko da Mario. Etxean duten bere argazki bakarra komoda baten gainean etzanarazita aurkitzen du, haren irudia jasanezina bailitzan. Kontu txikia da hori, baina, amaginarrebaren hilbeilak iraun bitartean armairu baten barruan itxita egon behar izateak suposatzen duen irainaren aldean. 1980ko hamarkada amaierara, 1989ko Gabon zahar egunaren bezperara hain zuzen, garamatza bigarren istorioak. Kasu honetan, aipatu hamarkadan gazteen artean batik bat sekulako kaltea eragin zuen heroina zaletasuna du hizpide, zaletasun horren eraginpean egondako Mirenen bitartez. Marioren etxean bezala, Miren bakarrik bizi den pisuan ere bada komodan etzanarazitako argazki bat, bere seme Borjarena, drogan sarrarazi zuen Germanekin izandakoa. Gurasoekin bizi da orain umea, eta debekatua diote hura ikusi edo harekin harremanetan jartzea erabat osatzen den arte. Jadanik heroinarik hartzen ez badu ere, Mirenen egoera ez da ona. Erabat bakarrik sentitzen da, baina jendearekin inolako traturik izateari beldur dio ez baitu epaitua izan nahi. Bera bezala drogan ibilitakoak paria batzuk dira, baita familiarentzat ere. Hirugarren istorioko protagonistak, Maiderrek, badu argazki bat ere, aldizkari batetik moztutako gizon baten irudia duena. Amari zein lagunei sinetsarazi die Ander dela hura, etengabe bidaiatzen dabilen bere mutil laguna. Langabezian denetik gezurrezko bizimodua asmatu behar izan du ingurukoen aurreikuspenak (eta bereak neurri handi batean) ez zapuzteko. Baina gezurra bizirik mantentzearren erabat isolatu du Maiderrek bere burua. Mario, Miren eta Maiderren istorioetan gai komunak agertzen badira ere (bakardadea, babes falta, bazterketa), eta hirurak mota ezberdinetako indarkeriaren biktima direla esan badaiteke ere (faxismoa, droga-zaletasuna, langabe kopurua igoarazi duen neoliberalismoa), irakurleak ariketa handia egin behar du hiru narrazioen arteko lotura antzemateko, batez ere Maiderren istorioari dagokionez. Deserriak eragindako isiltasuna eta bazterketa ilustratze aldera gauza asko, gehiegi agian, esan gabe geratzen dira narrazioa bera inpresio sorta bat bihurtuz, irakurlearengana heldu bezala joan egiten dena.