07 FEB. 2015 GUTUNAK Jon Etxeandia gogoan Mitxel Sarasketa eta Oier Gonzalez Ataramiñe Bihar omenaldi moduko bat egingo diogu Jon Etxeandiari Bizkargin eta Larrabetzun. Bizkargi tontorrean, eguerdian, ekitaldi xume bat, gure ohiko estiloan. Badakizu: Jonen bizitza eta gorabeherak errepasatu, kartzelako kontuak, poemaren bat, hitz batzuk, bertsoak, Eusko Gudariak... Bizkargiko sinbologia guztiarekin. Burkideak, lagunak, etxekoak, Jon inoiz ezagutu ez edo hari buruz orain arte ezer entzun ez dutenak hainbat. Jon 2010eko otsailean hil zen, orain bost urte, errautsak Bizkargin bertan eta Albertian zabaldu genituen, eta ez dugu zalantzarik izan ekitaldia non egin erabakitzeko. Elurraz zurituta egongo da, gainera. Elkarrekin bazkaldu eta arratsaldean Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean Ataramiñez arituko gara, eta Oier Gonzalez eta Markel Ormazabalekin batera ekitaldi musiko-poetikoa izango dugu bertan. Folleto bat egin dugu Wikipediatik hartutako Jonen biografia eta bere poema eta testu labur batzuekin. Sarriren «Zuek lore paper ederreko logelan» poema sartu dugu hor. Bizitzaren ikuspegi burgesaren kontra oldartzen zenean Jonek poema horren azken lerroak errezitatzen zituen haserre antzean: «Bizitza zuen moduko jendeagatik eman! Hobe gau-egunak edozein putaetxetan limonada zerbitzen pasatzea». Roque Daltonen «Hora de la ceniza» poema ere jaso dugu programan. Lagun baten heriotzaren ingurukoa da. Jonen poetarik gustukoena izango zen ziurrenik. Atzera egin eta ematen du Jon bera ari zaigula bizien argietatik. Edo Roque gu garela eta Jon dugula gogoan: «Ahora llueve de nuevo. Nunca ha sido tan tarde a las siete menos cuarto como hoy. Siento deseos de reír o de matarme». Omenaldia dela esango dugu, baina iruditzen zaigu Jon Etxeandia gogoan hartzen dugunean gehiago dela burkide eta lagun hilaren begietatik geure bizitzari begiratzea, geure oroimenak, desioak eta ametsak Jonen aurrean jartzea haren begietatik geure burua ikusteko. Ataramiñe proiektua bera sendotzeko ideia ere badago Jonen omenaldiaren baitan. Elkarrekin egon, hitz egin, proiektuak mahai gainean ipini, harremanak zabaldu, zuekin jardun... Emankorra da espetxeko literatura. Igual gero beste gauzetan ere ibiliko gara, baina horretan ere Jonek markatuta utzi zigun bidea. Bide hori jarraitzeko ekarriko dugu gogora. Zuek ere, lau pareta arteko lagunok, gogora ekartzen zaituztegun bezala, etxera ekarriko zaituztegun egunari begira.