Jon LEUNDA
sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Ibarrako taldeek jokoan zen guztia eraman dute etxera

Moreek ezustea eman eta mutilen 640koa irabazi egin zuten. Era berean, neskak ere 405ekoan nagusi izan ziren azkeneko jardunaldian, txapela jantziz.

Ibarrak irabazi zituen herenegun, Aian, mutilen 640ko eta nesken 405eko txapelak. Eguraldi oso hotza izan zen Aiako pilotalekuan, Euskal Herriko gainerako lekuetan bezalaxe, baina jendeak erantzun ona eman zuen, eta giro polita izan zen.

Mutilen 640koan, bi multzotan banatuta aritu ziren, bakoitza hiruna talderekin. Aurrenekoan, Ibarra, Abadiño eta Sokarrola lehiatu ziren. Abadiñoko tiralari batek eskuan min hartu zuen, eta horrek apur bat markatu zuen saioa, baina Ibarraren garaipenak ez zuen izan inolako aitzakiarik. Multzo honetako onena izan zen, bi aurkariak menderatuta.

Abadiño sailkatu zen bigarren postuan, gipuzkoarrekin galdu, eta Sokarrolari irabazita, eta azken hauek itxi zuten multzoa, saioko tiraldi guztiak galdu egin baitzituzten.

Beste multzoan, Ñapurrak, Murueta eta Zuraide izan ziren lehiatu ziren taldeak. Ñapurrak taldea zen multzoko burua, eta Ezpeletako mutilek ez zuten hutsik egin, eurek irabazi baitzituzten saioko tiraldi guztiak, eta finalerako txartela lortu zuten. Bigarren postuan Muruetak amaitu zuen, eta multzoa Zuraidek itxi zuen.

Multzo bakoitzeko azkeneko bi sailkatuek seigarren eta bosgarren postua erabakitzeko lehia izan zuten, eta Sokarrolak irabazi egin zion Zuraideri, eta bosgarren eta seigarren bukatu zuten bi talde horiek.

Beste laurek finalerdiak jokatu behar izan zituzten. Horrela, multzo bakoitzeko lehenengoek besteko bigarrenaren aurka jokatu behar izan zuten. Beraz, Ibarra eta Murueta izan ziren aurrez aurre, eta gipuzkoarrek bi tiraldiak irabazi zituzten, eta oraingoan txapelaren lehian aritzeko moduan ziren.

Bigarren finalerdian, Ñapurrak eta Abadiño, bi multzo buruak, eta ustez txapela irabazteko bi faboritoak, baina bietako batek kanpoan geratu behar zuen, eta lapurtarrek mendean hartu zituzten bizkaitarrak eta finalean sartu ziren.

Aurrenik, hirugarren eta laugarren posturako dema izan zen, eta hor neurtu ziren Abadiño eta Murueta, eta berdeek ez zuten hutsik egin, eta garaipena eskuratu zuten, brontzezko domina kolkoratuz.

Ezustea

Atzoko saioa hasi aurretik Abadiño eta Ñapurrak ziren txapela lortzeko faboritoak, edo hori eman zuten, behintzat, ulertzera lehen fasean.

Hala ere, atzo Ibarrak Abadiñori irabazita, zalantza gehiago zeuden finalean, eta azkenean gipuzkoarrek eraman zuten txapela. Ezkutuan zegoen faboritoa zen talde morea, eta amaieran aurkariak unerik onenean hartu zituzten mendean, eta txapela eraman zuten. Horrela, Ibarra izan zen txapeldun, Ñapurrak bigarren eta Abadiño hirugarren; hiru talde horiek sartu ziren podiumean.

Emakumezkoetan lehia handia iragartzen zen. Hiru talde besterik ez dira lehiatu, eta hiru jardunaldiko ligaxka jokatu behar izan zuten. Aurrenekoa Gaztedik irabazi zuen, eta bigarrena Ibarrak, beraz, biak berdinduta iritsi ziren azkeneko jardunaldira. Badaiotz aurreko bietan azkena geratuta zegoen, eta txapela irabazteko inongo aukerarik gabe sartu zen azkeneko jardunaldira, eta azkeneko postua uzteko inongo aukerarik gabe.

Amaieran Ibarrak irabazi zuen, horrela jardunaldi paregabea osatuz, eta bigarren bukatu zuen Gaztedik. Hirugarren, eta saiorik irabazi gabe, Badaiotzek amaitu zuen. Sailkapen nagusian ere horrelaxe geratu ziren. Asteburu gogoangarria izan zen Ibarrarentzat bere bi taldeek txapela jantzi baitzuten, eta geratzen diren mailetarako ere indar handia hartuko zuten. Horrela, hiru maila amaitu dira, eta hirutik bi irabazi ditu Ibarrak. Bestea, 680koa, Abadiñok eraman zuen. Oraindik beste hiru geratzen dira jokatzeko.