10 FEB. 2015 KOLABORAZIOA Etorkizuna: torturarik gabe Auzitegi Nazionalean martxan diren epaiketa gehienetan eta etorriko direnetan ere, torturaren mamu beldurgarria ageri zaigu. Hau da, oraindik ere torturaren erabilera ahalbideratzen duten legedi eta egiturek bere horretan jarraitzen dute. Beraz, torturaren itzal luzeak bizi-bizirik jarraitzen du; iraganean egin bezala, oraina baldintzatzen jarraitzen du. Hark idazten zuenaren tankeran, torturaren erabilera bidaiaren metafora- rekin pareka dezakegu, infernura halabeharrez egin bidaiarekin, alegia. Traba eta zulo beltzez beteriko igarobidea, ordea, amildegi ondora daramaten ibilbide estuz betea dago. Tamalez, milaka eta milaka euskal herritar izan dira bizi-ibilbide horretara behartutakoak. Zori- gaitzez, nolabait erratearren, badira ere bidaia horretatik inoiz itzuli ezin izan dutenak; finean, Euskal Herriari urteetan (edota mendeetan), salbuespeneko praktika krudel eta ankerra ezarri zaio inolako gupidarik gabe. Hartara, izerdi eta odol tanten usainez eta jarraipenezko lerro batez idatz daitezke Espainiako historiaren iraganetik hasi eta gaur egunera arteko pasarteak. Erran dezakegu Gaztelako inkisizio santuaren garaietatik hasi, eta gaur egunera arteko ibilbidean, arma politiko bezala erabili dutela jarduera hau. Nafar erresumaren konkista ere, torturaren erabilera basatiarekin bataiatuta egon zen hasiera-hasieratik; halaxe zioelarik esaera herrikoiak nafar independentziaren alde borrokan buru-belarri aritu zen Pedro de Roda hil ondoren: «A puros tormentos murió descoyuntado en Tafalla». Zer esanik ez, garai hartan emakumeek pairatu behar izan zituztenak. Azken finean, orduan (eta orain) balioen sistema eta bertako izaera zen benetako helburua, errotik suntsitu nahi baitzuten. Altxamendu faxistaren garaietan torturaren erabilera izanen baita gure lurraldeetako ezaugarri nagusia. Agian, altxamenduaren eta ondorengo urteen ekinbidea hobekien deskribatzen duten hitzak altxamenduaren zuzendariak, Emilio Molak, eginak dira: «Beharrezkoa da terrore giroa sortzea, nagusitasun sentsazioa utzi behar da, gu bezala pentsatzen ez duen oro eskrupulurik gabe ezabatuz. Zirrara handia sortu behar dugu». Eta horretan ahalegindu ere; Ezkabako gotorlekura eramandakoen testigantzek ez dute zalantzarako tarterik uzten: «Orratzak sartzen zizkiguten azazkal azpietan, erortzen zitzaizkigun arte». Altxamendu faxistaren oinarrian ere, nola ez, patriarkatuaren zantzu nabariek agintzen zuten; Maravillas Lambertori eginikoak, eginmoldearen erakusle. Frankismoak iraun zuen bitartean (1936tik 1978 arte), legezko trataera izatetik oso gertu egotera egon zen tortura. Ondorenean etorriko zaizkigun garaietan ere, hau da, «demokraziarako trantsizioa» deituriko operazioaren ostean, torturarekin behin betiko bukatzeko baino, hau makillatzeko saialdiak besterik ez dira izan. Diogunaren adierazlerik garbienetakoa dugu Joxe Arregiren heriotza. Argitaratu ziren argazki argigarriek sekulako eskandalua sortu arren, bertsio ofizialek iritzi sortzaileez lagundurik argi zeukaten: «Sekula ez diote tratu txarrik eman». Bi epaiketa izan ziren eta Joxe Arregi72 poliziak itaundu bazuten ere, bi besterik ez zituzten inputatu. Lau hilabeteko zigorra ezarri zieten. Eta kondenatutako bati merezimenduaren domina eman zion Poliziak. Gero berriz inputatu zuten, 1985ean Mikel Zabalzaren desagerpenaren harira Iruñean poliziek manifestazio bat desegiteko beisboleko bateak eta kateak erabiltzeagatik. Denboraren joan-etorrian, zigorgabetasunez eta inpunitate osoz, Poliziak eta Guardia Zibilak beren kasernetan milaka lagun torturatu dituzte; gurean, milaka euskal herritar. Unai Romano eta Igor Portu-ren argazkiek ongi islatzen dute bizi izandakoa; edota Amaia Urizarren testigantza zirraragarria: latza, oso latza izan baita! Gaur egun torturaren inpunitate eta erabileraren ondorioak nabarmenak dira, oso. Espetxeetan gatibu dituzten hainbat pertsonaren aurkako akusazioak torturaren eraginez sortuak baitira, esaterako. Hori gutxi ez eta, Auzitegi Nazionalean martxan diren epaiketa gehienetan eta etorriko direnetan ere, torturaren mamu beldurgarria ageri zaigu. Oraindik ere torturaren erabilera ahalbideratzen duten legedi eta egiturek bere horretan jarraitzen dute. Beraz, torturaren itzal luzeak bizi-bizirik jarraitzen du; iraganean egin bezala, oraina baldintzatzen jarraitzen du. Alabaina, azken urteotan, gehiengo sozial batek, «aski da!» ozenki aldarrikatu du. Baita Auzitegi Nazionalean bertan ere zentzu horretan doazen nolabaiteko ahotsak entzun ere. Hala ere, Estatuko instituzioetatik harago daudenetatik etorri dira posizionamendu zehatzak. Hartan, Oihan Ataun iruindar bizilagunarenarekin, 5 lagunen kasuetan salatu baitu Estrasburgoko epaitegiak Espainiako Estatua, tortura kasuak ez ikertzeagatik. Hartan, aste hauetan jakin dugu ere, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuak tramitera onartu dituela epaitegi berberak. Norabide horretan, azpimarratzekoa da azken urteetan eginiko lana. Erran dezakegu Estatu espainolaren izaera biluzten ari garela. Alta, egungo abagune historikoan, lan handia dugu egiteke, zauri guztiak itxi bidean. Hortaz, argi dugu ere, gatazka politikoak beste min batzuk ere sortu dituela eta guztiak itxi behar direla. Guzti-guztiak. Hots, ezinezkoa izanen dugu irekita dauden zaurien gainean etorkizun eta elkarbizitza sano eta justu bat eraikitzea. Horretarako, Egia, Aitortza eta Erreparazioa behar ditugu nahitaez. Horregatik guztiagatik, otsailaren 13an, Joxe Arregi hil zuteneko 34. urteurrenean, arratsaldeko zazpietan, Iruñeko Udal plazan ekitaldi bat antolatu dugu, eraiki nahi dugun etorkizun berri horren mesedetan. Iruditzen zaigu konponbideari eta etorkizunari ateak parez pare ireki behar zaizkiela eta gatazkaren ondorio lazgarriak pairatu dituztenen ahotsak oso beharrezkoak direla norabide horretan. Badira gainera, isildu eta ikusezin bihurtu dituzten bortxa lazgarriak. Badira ere beren ahotsak sekula entzutekoak direnak; oraindik beldurrez daudenak. Eta badira erran bezala, itzulerarik gabeko bidaia egin zutenak: «Le robaron la vida y también su dignidad al construir en torno a su muerte una gran mentira, ya que no se le puede devolver la vida, contribuyan a devolverle su dignidad». Betirako argia.