21 FEB. 2015 sokatira Ñapurrak buru dela jokatuko da Bilbon 600 kiloko bigarren jardunaldia J.L. Euskal Herriko Goma gaineko Txapelketan bigarren jardunaldia jokatuko da 600ekoan, eta aurrenekoa ere bai 375ekoan. Saioa Bilboko Casilla kiroldegian jokatuko da. Mutiletan, Ñapurrak, Ibarra, Murueta, Sokarrola, Beti Gazte, Abadiño eta Berriozar izango dira lanean arituko diren taldeak. Ñapurrak izan zen aurreneko jardunaldia irabazi zuen taldea, eta Ezpeletakoek garbi utzi zuten pisu honetan txapela irabaz dezaketela. Denboraldi bikaina ari da egiten, podiumean sartu da aurreko bi pisuetan, baina oraingoan lekurik gorenean amaitu nahi du. Ibarra izan daiteke bere aurkaririk sendoena. Nesketan, berriz, Gaztedi, Berriozar, Badaiotz eta Ibarra izango dira parte hartuko duten taldeak. Gaztediren eta Ibarraren arteko dema handia izan zen aurreko pisuan, eta badirudi oraingoan ere horrelaxe izan daitekeela, nahiz eta Badaiotz ere behin ere ez den ahaztu behar. Gasteiztarrak ez dira lehengoak, ez da dena irabazten zuen talde hura, baina orain ere tiralari onak dauzka eta ezusteak emateko ez dauka inongo arazorik. Berriozar aurten lehen aldiz arituko da, eta ikusgai dago bere lana, baina zaila izango du handiak menderatzea.