25 FEB. 2015 EMAKUMEZKOEN FUTBOLA Reala Badator udaberria Igandeko garaipenari esker, bolada txarra amaitu, eta zuri-urdinen ilusioa berpiztu da. Amaia U. LASAGABASTER Hiru hilabete, 98 egun, eman ditu Realak besoak altxatu ezinik. Joko kaskarra batzuetan, zorte txarra besteetan, antzeko emaitzak denetan eta ondorioak hainbat arlotan. Helburuetan, batez ere, azaroan Rayo menderatu zuenean Kopa eskura zuen bitartean, azkenaldiko porrotek jaitsierara begiratzera behartu baitute talde donostiarra. Baina tunelik ilunenak ere irteera dauka, eta Realak aurkitu du berea. Igandean Espanyol ederki garaitu zuen eta dagoeneko udaberria usaintzen hasi da, lore eta eguzki izpiekin batera oraindik ere zaparradak etor daitezkeela jakin arren. «Gauzak ez dira hain erraz aldatzen, egun batetik bestera, emaitza bakar bategatik», onartu du Ane Bergarak. Baina aldaketa gertatu dela azpimarratu du, «ez delako izan azken partidaren kontua soilik. Aurreko jardunaldietan hobera egiten hasia zen taldea. Athleticen kontra partida on bat egin eta berdindu, Oviedon gu izan ginen azken unean puntua eskuratu genuenak... Hobekuntza aurretik zetorren». Baina azkenaldi honetan gora egiteko, aurretik behera egin behar izan zuen Realak. Zergatik? «Gauza dezente elkartu» zirela uste du beratarrak. «Lesio garrantzitsuak izan ditugu, Liga hasieran oso partida zailak; punturik ez genuen lortu eta zama hori denboraldi osoan zehar daramazu... Gero irabaz dezakezun edo behar duzun partida batean akatsak egin eta hori ere ez duzu irabazten... Dena batzen da, dinamika txarrean sartzen zara eta gero eta zailagoa da irtetea». Baina une ilunenetan ere baikortasunerako motiboak aurki daitezke. «Ez geunden lasai. Larrituta ez dakit, baina arduratuta bai, jaitsieratik gertu... Baina taldeak jo eta ke ekin dio lanari, denok batera, elkarri laguntzen. Eta horri esker emaitzak heltzen ari dira berriro». Hori «izan behar da bidea hemendik aurrera ere. Bolada berri hau etorri den bezain azkar joan daiteke, bide berberari ez badiogu ekiten. Lan, lan eta lan, denok batera». Formula horrek donostiarren ilusioa berpiztu du eta are gehiago egin dezake denboraldi amaierara artean, aldeak ez baitira hain handiak sailkapenean. «Nahiago nuke! Baina ez dut uste orain horretan pentsatu behar dugunik. Egia esan, emaitzak txarrak izan diren bitartean ez dut sailkapena gehiegi begiratu. Espanyol gainditu ostean, bai. Baina ez dut uste orain hori izan behar dugunik ardura. Partidaz partida pentsatu behar dugu eta gauzak astero ondo egiten baditugu, ikusiko dugu non gauden denboraldi amaieran. Kopara heltzen bagara, sari ederra izango da, eta heltzen ez bagara, ondo egindakoarekin poztu, eta gaizki eginikoa aztertuko dugu. Baina ordura arte hurrengo norgehiagokan besterik ez dugu pentsatu behar», azpimarratu du. Kanada, gertu eta urrun Kopa ez da Bergarak aurten duen ilusio bakarra. Pasa den udatik Ignacio Queredaren deialdietan sartzen ari da -datorren astean ere, Espainiako selekzioarekin arituko da, Leire Landa, Eli Ibarra eta Erika Vazquezequin batera-, Munduko Txapelketarako bidea ibiltzen. «Ilusio berezia da. Kontent nago, baina hankak lurrean dauzkat, Kanada gertu eta aldi berean urrun ikusten dut. Edozein kasutan, bidea argi daukat, astero Realarekin lan egitea, hori baita nire betebeharra, eta sariak, kolektibo zein pertsonalak, ekar ditzakeena». Ez da erraza hain denboraldi irregularra egiten ari den talde batean arituz horrelako aukerak izatea, «nik ere zerikusi handia daukadalako taldearen ibilbidean. Baina deitu nauten guztietan lana ondo egiten saiatu naiz eta maila dezentea eman dudala uste dut. Hala jarraitzea espero dut, batez ere hemen egunero lan egiten, hori baita taldearentzat eta niretzat onena. Azkenean Kanadara joaten banaiz, sekulako poza izango dut; eta hala ez bada, eginiko lanarekin kontent izan eta zertan huts egin dudan begiratu behar».