02 MAR. 2015 KULTURA | San Telmo museoan erakusketa Euskal mendizaletasunari begiradatxo eder bat «Mendia»-rekin Pasa den otsailaren 20tik maiatzaren 18ra bitarte, Donostiako San Telmo museoan euskal mendizaletasunaren erakusketa dago ikusgai. Ekimen horrek ere hainbat jarduera jasotzen ditu. Andoni ARABAOALAZA «Mendia» hitza soila dela dirudi, baina hausnartzen hasten garenean, ohartzen gara eite guztietatik ez dela hain soila. Kultur ikuspegi batetik aztertuta, jorratuko dugun berri honetan mendia kokakeluz aldatuta ageri zaigu. Bai, «Mendia» lau pareta artean sartuko dugu; hain zuzen ere, datorren maiatzaren 18ra arte. Komatxo artean jarri dugu mendia hitza; izan ere, pasa den otsailaren 21ean horrela aurkeztu ziguten (inaugurazio eguna izan zen) Donostiako San Telmo museoak eta Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako erakusketa. Horiek dira, beraz, «Mendia» erakusketaren zutabeak, eta, beste behin, batez ere mendi elkarte horrek erakutsi digu zer-nolako grina duen gure mendizaletasunarekiko. Beste behin ere, txalotzeko jarrera erakutsi du. Bai, bi zutabe dira euskal mendizaletasuna ikuspegi ezberdinetatik jorratzen duen erakusketa atondu dutenak. Halere, erakusketaren hirugarren zutabea ere ezin dugu inola ere ahaztu. Antxon Iturriza da hori, eta, hain zuzen ere, «Mendia» erakusketa Iturrizak idatzitako «Historia testimonial del montañismo vasco» osatzen duten hiru aleetan bildutako lan dokumentalean oinarrituta dago. Erakusketa eder honek gure mendizaletasuna kirol, giza eta kultur ikuspegietatik aztertzen du. Eta lau arlo aintzat hartuta antolatua dago: mendiaren liturgia, mendiaren aurkikuntza, konkistaren espiritua eta mendia gure ispilua. Hainbat jarduera Inaugurazio ekitaldian Donostiako Juan Karlos Izagirre, CVCEko presidente Txema Garay eta Antxon Iturriza bera bat etorri ziren honako hau esatean: «Euskal Herria txikia da, baina mendiak garrantzi berezia du». Hori guztia islatzen du «Mendia» erakusketak. Espazio irekiak une batez utzi eta San Telmo museoan sartzeko gonbidapena egiten digute; hori bai, lasaitasun eta patxada osoz, ikusteko eta irakurtzeko asko baitago. Eta erakusketa honetan, hein handi batean bederen, gure mendizaletasunaren hastapenetatik gaur egungo errealitatera arteko ibilbidea ulertzeko osagaiak aurkezten dira. Baina erakusketaz harago, antolatzaileek beste euskarri batzuk eskaintzen dituzte. Larunbatero, adibidez, bisita gidatuak izango dira eta egun seinalatu batzuetan bisita pertsonalizatuak; besteak beste, Julio Villar, Maria Luisa Alonso eta Iturrizarekin berarekin. Horrekin guztiarekin batera, familientzako tailerrak eta hitzaldiak eskaintzen dituzte. Eta hori guztia gutxi izango balitz, hainbat egunetan proiekzio-solasaldiak izango dira. Hiru, hain zuzen ere: «Hire Himalaya», «Agur Everest» eta «La estrella que sigue brillando». Horixe da, oro har, «Mendia» erakusketak eskura ekarri diguna. Informazio zabalagoa eta argibideak honako web orrialdeetan: www.santelmomuseoa.com eta www.vascodecamping.org «MENDIA». Euskal mendizaletasunaren gaineko erakusketa dagoeneko zabalik dago Donostiako San Telmo museoan. Maiatzaren 18ra arte izango da zabalik.