Nahia Qincoces eta Iñigo Larizek bina txapela jantzi dituzte
Otsailaren 21 eta 22an, Izaban, Bandres-Karolo oroimenezko proba jokatu zen; Mendiko Eskiko Euskal HerrikoTxapelketarako balia garria izan zen. Kronoigoera zein banakako lasterketak egin ziren, eta 150 eskiatzailek bat egin zuten lehien hitzorduekin.
Mendiko eskiko Bandres-Karolo lehiaren beste edizio bat jokatu zen otsailaren 21 eta 22an. Hain zuzen ere, laugarren ekitaldi hori Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria izan zen. Bi modalitatetan gainera: kronoigoera eta banakakoa.
Izaba herriak hartu zituen oroimenezko zein txapelketa horretan lehiatu ziren 150 eskiatzaileak. Euskal Mendizale Federazioaren hitzordu nagusi hori antolatu zuena, berriz, Noaingo Mendi Taldea izan zen, eta hari laguntzen 60 boluntario.
Eguraldia izan zen gehiegi lagundu ez zuena. Baldintzak ikusita, kronoigoera jokatu zen lehenik eta biharamunean, banakako lasterketa. Oro har, hori izan zen oztopo handiena; izan ere, antolatzaileek bi lehien ibilbideak aldatu behar izan zituzten; betiere, eskiatzaileen segurtasuna bermatzeko.
Ezustekorik ez
Bide batez, aipatu beharra dago Bandres-Karolo oroimenezkoan herritar zein elite mailako eskiatzaileek hartu zutela parte. Azken hauei dagokienez, bi lehia egunetan ez zen ezustekorik izan; beraz, faborito nagusiak gailendu ziren.
Kronoigoera Izabako plazan hasi zen eta Saitsederran amaitu (4,6 km, 650 metroko desnibela). Seniorretan, nesketan, Nahia Quincocesek aise irabazi zuen 42:49ko denborarekin; bigarrena Uxue Fraile izan zen eta Amets Maiztegi hirugarrena. Mutiletan: Iñigo Lariz irabazle (36:05), Juanjo Goikoetxea bigarren eta Igor Alzelai hirugarren. Beste txapeldunak: Fraile (beteranoak), Aritz Cevidanes (promesak), Iñigo Martinez de Albornoz eta Celia Olivar (jubenilak) eta Txomin Ortiz de Zarate eta Maialen Uriz (kadeteak).
Banakako lasterketaren sailkapenari dagokionez, berriz, kronoigoerakoarekin alderatuta soilik aldaketa bat izan zen. Seniorretan Mikel Nabarro bigarren postuan sailkatu zen.
Horrela, bi lehia egun horietan puntuak batu ondoren, konbinatuaren sailkapenean Quincoces, Lariz, Fraile, Cevidanes, Martinez de Albornoz, Olivar, Ortiz de Zarate eta Uriz nagusitu ziren. Bina txapela, beraz, aipatutako guztientzat.