03 MAR. 2015 KOLABORAZIOA Atzerriko Bigarren Hizkuntza arriskuan Carmen Arevalo Tapia, Helena Arteaga Iribarren eta Tomas Pereda Garcia Frantses irakasleak Lomce izeneko hezkuntza lege berriak, datorren ikasturtean indarrean jarriko dena DBHko 1.eta 3. mailan eta Batxilergoko 1. mailan, aldaketa nabarmenak ekarriko ditu Atzerriko Hizkuntza ikasgaiaren ikaskuntzan. Lege berri honek teorikoki bilatzen duen xedeetako bat atzerriko bigarren hizkuntzaren bat menperatzea izan bada ere, ikasteko aukera hori ez da agertu behar izango. Lomce garatzen duen curriculuma, gurean, oraindik ere azterketa eta zirriborro fasean dago, baina orain arteko proiektuak ez du bermatzen bigarren hizkuntzaren presentzia ikastetxeetan eta, etorkizunari begira, frantses hizkuntzaren ikaskuntza kolokan dago. Hautazko ikasgaiei presentzia murriztuagoa ematen zaie, eta gure Erkidegoko ikasleentzat, praktikan, ezinezkoa bihur daiteke bigarren hizkuntza bat (frantsesa da nagusia) ikasten hastea edo jarraitzea. Beraz, curriculumaren amaierako idazkera erabakigarria izango da. Esan beharra dago azken urteotan, Administrazioari esker batetik, baina baita irakasleon inplikazioari esker ere, frantsesak gorakada handia izan duela. Gogoratu behar da hezkuntza agintari euskaldunek frantsesekin batera, akordioak sinatu dituztela. Hainbat ikastetxetan esperientzia eleanitzak burutu dira, eta ikasleak, Frantziako institutuekin eginiko trukeei esker, pertsonalki aberastu egin dira. Aipatutako zirriborroa aurrera joanez gero, eginiko lana bertan behera geldituko litzateke. Azpimarratu nahi dugu Europar Batasunak atzerriko bi hizkuntzaren ezagutza bultzatzen duela. Are gehiago, Oinarrizko Hezkuntzan hastea aholkatzen du. Hori dela-eta, inguruko herrialdeek eta Espainiako autonomia erkidego askok beren hezkuntza programetan bigarren atzerriko hizkuntzaren irakaskuntza eskaini baino derrigortu egiten dute. Gure ustez, Europar Batasuna eraikitzeko egiten ari diren ahaleginak ezin dira arbuiatu. Horren harian, Estatu frantsesa eta bestelako herrialde frankofonoekiko harremanak areagotu egin dira (garraiatzeak, turismo, enpresa, hezkuntza hitzarmenak nagusitu dira). Hurbiltasun geografikoagatik baino ez bada ere, frantsesa ikastea ezinbestekotzat jotzen dugu. Izan ere, gaur egunean ingelesaz gain beste hizkuntzaren bat ikasteak aparteko balioa du gazteen prestakuntzan, eta mugikortasunari laguntzen dio. Euskaldun bezala, frantsesa Euskal Herrian erabilitako hirugarren hizkuntza da, eta Iparraldeko biztanleekin komunikatzeko eta kultura konpartitzeko tresna ezin praktikoagoa da. Era berean, frantsesa kultur bidea da, filosofia, psikologia, historia, literatura mundua ezagutzeko leihoa da. Honengatik guztiagatik legeak bigarren hizkuntzaren aldeko apustu argia egitea nahiko genuke, frantsesa izan daiteke edo besteren bat. Horren ordez, legedia berriak ikasgaia arrisku larrian jartzen du. Orain arte, Atzerriko Bigarren Hizkuntza laugarren DBHn eta Batxilergoko urteetan derrigorrez eskaini izan da. DBHko lehenengo hiru urteetan, hautazko ikasgaiak eskaintzekotan, berdin jokatu behar zen. Orain, Hezkuntza Sailaren zirriborroko erreferentziazko ordutegian, ez dago hautazko ikasgaietarako (beraz, Bigarren Atzerriko Hizkuntzarako) tokirik DBHko lehen mailatik hirugarrenera. Laugarren mailan ikasgai hori hautazko beste edozein ikasgairen parean gelditzen da. Eta esan behar da, edonola ere, zirriborroaren irizpideak aplikatu dituela jadanik Hezkuntza Sailak aurrematrikulak egiteko jarraibideetan. Batxilergoari dagokionez, EAEko curriculum proiektua ez da oraindik plazaratu, baina Lomcek laugarren mailarako aipatutako bidea markatzen du. Hau dena kontuan hartuta, zera eskatzen dugu: Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, bere eskumenak erabiliz, Lomcek markatutako bidea zuzentzea eta Bigarren Atzerriko Hizkuntza orain arteko baldintzetan behintzat eskaintzea, bai Oinarrizko Hezkuntzan, bai Batxilergoan ere.