Gau hotza Saharan
Errefuxiatu sahararren kanpamentuan hotz zegoen neguko gau hartan. Iluntzean hoztu zuenez, Balal-ek kandra prestatu zuen, tea esnearekin, eta opari egindako durbante beltzak hotzetik babesteko ere balio duela ikasi nuen. Tearen inguruan solasaldiari solasaldiak jarraitzen zion, eta elkarri ulertzeko lanak umorez hartzen genituen kandra zoragarriaren zurrupaden artean. Edalontziak biltzen laguntzen hasi nahi eta, nik hori ez egiteko agindu zidan Balalek begiradarekin: «shukran» esan zidan amultsuki burua jiratu gabe. Sahararren hizkuntzaz, hassaniaz, «ez horregatik» erantzuten saiatu nintzen, eta nire ahoskera txarra zela kausa, barrezka hasi zen Balalen alaba, gure etxera udaro etortzen den Glaila neskatila zoragarria. Orduan, Balalek bere barrea ezkutatzeko baliatu zuen durbantea, burua jiratuta nik ikus ez nezan barrez lehertzen nire ahoskera traketsaren kontura. Saiatu nintzen, saiatu nintzenez, ttukun ahoskatzen... Baina, azkenik, Glaila neskatilak berriz ez saiatzeko agindu zidan, saiatuagatik ere ez baitut sekula erdietsiko ongi ahoskatzea. Orduan denok, baita nik ere, irri egin genuen. Baiki, sahararren durbantea, elzam delakoa, balio anitzekoa da, besteak beste, irriak ezkutatzeko ere balio du eta.
«Ala-ren laguntzaz eta haren izenean, (...) Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Herria, independentzia, lurraldearen osotasuna eta baliabide naturalak defenditzeko prest gaudela agertu nahi dugu. Eta bakearen alde borrokan diren beste herriekin batera borrokatuko gara, eta, halaber, kolonialismoaren aurka borrokan ari diren askapen mugimendu oro sostengatzen dugu».
Gau hartan ere hotz eginen zuen Bir Lahlu-n, Mendebaldeko Saharan, orain dela 40 urte aldarrikapen hori egin zelarik otsailaren 26tik 27rako gauean, espainolei hartutako Land Rover baten faroen eta kazetarien kameren argipean.
Saharako sendiak opari egindako durbantea, elzam beltz bat, gustura janzten dut neguko egun hotzetan. Eta otsail hotz honen bukaeran ere berriz jantziko dut, sahararrekin ez garelako ahantzi, ez Hassanna Aalia gazte sahararrarekin, ez errefuxiatu kanpamentuetan oraino daudenekin, eta baita sahararren giza eskubideak defenditzeko eta Sahararen autodeterminazio erreferenduma eskatzeko ere.