J.L.
Berezkoak

Larraldek eta Bilbaok maila ona eman dute

Larraldek eta Bilbaok finalerdietan izateko urrats garrantzitsua eman zuten atzo Saran, Bielleri eta Ezkurrari 40 eta 34 irabazita, 75 minutu pilotan aritu ostean. Norgehiagoka oso polita izan zen, partida asko estutu baitzuten Biellek eta Ezkurrak, baina gakoa hor egon zen. Bielle ez zen batere ongi aritu, eta Paxkal Ezkurrak lan bikoitza egin behar izan zuen, eta egindako lan hori ordaindu egin zuen, nahikoa akituta amaitu baitzuen.

Partida bigarren zatian erabaki zen, ordura arte gauzak estu joan baitziren, berdinketa ugarirekin. Baina, behin hogeinako berdinketaren ostean, 11-4ko emaitza lortu zuen gero garaipena lortu zuen bikoteak, amaieran erabakigarria izan zena.

Hortik aurrera alde zuten aldeari ongi eutsi zioten Larraldek eta Bilbaok, eta amaieran garaipena lortu eta finalerdietan hanka eta erdi zutela amaitu zuten neurketa. Saketik irabazleek bederatzi tanto egin zituzten, eta galtzaileek, berriz, zortzi. Jokoan hemeretzi tanto egin zituzten, eta hamalau tanto, berriz, galtzaileek. Galdu hamabi eta hamaika egin zituzten hurrenez hurren. Markagailua, berriz, honela joan zen: 1-0, 1-1, 8-3, 12-12, 14-14, 17-17, 20-20, 31-24, 35-29, 37-31 eta 40-34.

Bigarren Mailako partidan, Intxauspek eta Saldubeherek finalerdietarako txartela segurtatu zuten. 40 eta 36 irabazi zieten Agirreri eta Lazkanori 91 minutuan. Berdinketa ugari izan zituen partidak, eta azkenekoa 36-36koa izan zen, baina galtzaileak hortxe geratu ziren. 2-0, 2-2, 15-15, 23-16, 31-21, 34-24, 36-32, 36-36 eta 40-36 izan zen markagailua.

Gaurkoan txapelketak Zuberoako bidaia egingo du, Lohitzüne-Oihergin jokatuko baitira bi mailetako partidak, 16.00etan. Jaialdiak, gainera, ikusmin handia piztu du, izan ere, zaleak Waltari ikusteko gogoz daude. Gorakada handia eman duela erakutsi zuen azkeneko jardunaldian, eta horixe baieztatu nahi dute. Ximun Lanbert atzean duela, Etxeberriren eta Ducassouren aurka jokatuko dute, dena irabazi duen bikotearen aurka, eta neurketa ezin erakargarriagoa geratu da. Bigarren Mailakoan Monze eta Amuletek Elgarten eta Bonebeltxen aurka neurtuko dituzte indarrak.