Euskal Herriaren ezagupenaren alde, EH Bai-ren alde !
Departamenduko hauteskundeen kanpaina bukatzen ari da. Nahiz eta panorama administratiboa ez den arrunt finkatua, eta departamenduen ahalmenak geroan zoin izanen diren ez baldin badakigu ere, Ipar Euskal Herriko antolaketa instituzionala izan da azken asteetako gai nagusietariko bat.
Memento honetan, Lurralde Kolektibitateak ordezkatzen du, hemengo jendartearen gehiengo zabal batek Iparraldearendako egokitzat jotzen duen berezko koadro instituzionala. Izan ere, azken urteetan, Garapen Kontseiluaren eta Hautetsien Kontseiluaren lanketaren bitartez, adostasun zabal bat finkatu da Lurralde Kolektibitatearen inguruan. Lurralde Kolektibitatearen terminoak aitzin-pauso inportantea suposatu du, Iparraldeak estatus politiko berezi bat eduki behar duela lehen aldiko gehiengo zabal batek onartu baitu.
Frantses Gobernuak, guretzat onargarri ez den molde batez, Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozio-profesionalen gehiengoak babestu estatutu bereziko Lurralde Kolektibitatea gibelera bota ondotik, buru-belarri inplikatu gara hiri elkargo bakar baten aldeko eztabaidetan. Heldu den martxoaren 29an hautatuak izanen diren hautetsiak lehen lerroan izanen dira gai horretan. Gaur egun departamenduek kudeatzen dituzten eskumenen artean, zoin izanen dira Iparralde mailako egiturari emanak, Bordelerat igorri ordez? Zer nolako inplikazioa ukanen dute biharko hautetsiek?
Galdera horiek funtsezkoak dira gure lurraldearentzat eta biztanleen geroari begira. Konkretuki, gure herrietan, jendartetik hurbil diren zerbitzu publikoen defentsarako eta garapenerako, beharrezkoa den instituzioa lortzea baitezpadakoa da. Familien Laguntza Kutxa, Merkataritza eta Industria Ganbera, Tokiko Lurren Erakunde Publikoa, Posta, zerbitzu sozialak edo osasun arlokoak... Azken urteetan sortu eta garatu ditugun hainbat tresna mehatxatuak dira bereziki barnealdean.
-Pentsatzen dugulako hauteskundeak bizi publikoan memento inportanteak direla, non bakoitzak bere iritzia eman behar duen.
-Gure iritziz, boz bakoitzak bere garrantzia ukanen duelako Euskal Herriaren hitza entzunarazteko eta Fronte Nazionalaren ideia baztertzaileen aurka borrokatzeko.
-Iruditzen zaigulako lehenetsi behar dela interes kolektiboa karrera pertsonalak baino, diskurtsoek atxiki behar dutela koherentzia bat Baionan edo Pauen eginak diren arabera eta lehentasuna dela lurraldearen alde lan egitea.
Guk, hautetsi abertzale gisa, jendarte zabalari deia egin nahi diogu: heldu diren martxoaren 22 eta 29an iraganen diren hauteskundeetan parte hartzera eta EH Bairen hautagaien alde bozkatzera, «Herrian bizi, lan egin eta erabaki» leloa oinarri harturik, egiazko alternatiba bat sortzeko Departamenduko Kontseiluan.
(*) Arño Gastambide eta Jean Michel Bicainez gain, honako auzapez eta hautetsiek ere sinatzen dute idatzia: Daniel Olçomendy (Izurako auzapeza), Jean-Michel Anchordoquy (Bidarraiko auzapeza), Monique Elgoyhen (Lexantzüko auzapeza), Jean-Claude Ybargaray (Lakarrako auzapeza), Xebaxtien Ihidoy (Mendibeko auzapeza), Jean Louis Prebende (Gabadiko auzapeza), Jean Michel Galant (Azkarateko auzapeza), Maite Etxeberria (Ozazeko auzapeza), Jojo Goyheneix (Lekunberriko auzapeza), Pettan Guillemotonia (Lehuntzeko auzapeza), Johañe Carricaburu (Altzürüküko auzapeza), Rene Etchemendy (Suhuskuneko auzapeza), Allande Davant (Ürrüstoiko auzapeza), Iker Elizalde (Hendaiako auzapezordea), Mikel Goyheneche (Uztaritzeko auzapezordea), Paxkal Lafitte (Donibane Lohitzuneko hautetsia), Martine Etxezaharreta (Hazparneko hautetsia), Marie-Christine Borda (Zuraideko hautetsia), Argitxu Hiriart-Urruty (Kanboko hautetsia), Eneko Aldana (Ziburuko hautetsia), Jef Bederede (Senpereko hautetsia), Filipe Aramendi (Urruñako hautetsia) eta Jean-Claude Iriart (Baionako hautetsia)