12 JUN. 2015 GUTUNAK Arantza Goitia IZARRA GISASOLA ETA FAMILIA Enteratu bezain laster sentitu dudan mina ezin azaldu, zure aurpegia etorri zait burura, irribarretsu, umore onez eta bizia; injustizietan, euskara erasoa izan denean, presoen borroketan, izan behar den jenio txarraz erantzuten. Zure galeraz konturatu naizenean, oroitzapen asko etorri zaizkit burura. aberri egunak, Xaribari egunak, inauteriak, La Guia, Roke deunak, Nikolas deunak, manifa nazionalak zein herrikoak, Herrera de la Manchara egindako martxak, herri urratsak, gose grebak, itxialdiak, Herriko Taberna eraiki eta defendatzen, Errigoitin ospatutako Gabon zaharra, eztabaidak, barreak eta poteoak... Emakume zintzo, borrokalari, euskaldun eta lagun ona izan zara, baina batez ere pertsona ona. Negarraren ostean, oso harro sentitu naiz nire bizitzan egon zarelako eta zure laguna izateko aukera eman didazulako. Nik, benetan, zu eta Txo oso maite zaituztet, nire bizitzaren eta nire familiaren momentu txarrenetan hor egon zaretelako eta hori ez dut, ez dugu inoiz ahaztuko. Gogoratzen dut zenbat maite izan duzuen zuek Principe deitzen diozuena; berak zuek ere. Gogoan dut Udalean egon nintzeneko zuen laguntza eta maitasuna... eta ezin ditut oroitzapen guztiak aipatu. Ziur nago Euskal Herriko zeru gainean izar berri bat piztera joan zarela, eta nik gauean zeruari keinu bat egingo diot; egon adi, zuretzat izango baita. Musurik handiena, Arantza, adiorik ez.