16 NOV. 2015 KOLABORAZIOAK Azaroaren 28an bete ditzagun kaleak, hezkuntza burujabearen alde Última actualización: 16 NOV. 2015 - 12:42h Ana Perez, Amaia Zubieta, Aitor Idigoras, Marian Viadero Steilas-en idazkaritza nazionaleko kideak Duela urtebete Euskal Herriko hainbat sindikatuk –Steilas barne– eta eragile anitzok Euskal Herriko Karta Soziala onartu genuen. Kartak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, horixe izan beharko bailitzateke sinatzaileok zehaztu beharreko abiapuntua. Jendartea eskubidez ahalduntzeko tresna honetan helburuak ongi definiturik daude: «Pertsona guztiak dira eskubide berberen jabe eta guztiek merezi dute berdintasunezko tratua. Horrek exijitzen du era guztietako diskriminazioak ezabatzea, hots, arrazoi hauengatik sortutako diskriminazioak ezabatzea». Hezkuntzari dagokion atalean ongi definiturik dago zer-nolako eredua nahi dugun: «Pertsona guztiek dute hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa eskuratzeko eskubidea, aniztasuna integratuko duena eta berdinzalea izango dena generoaren ikuspuntutik (hezkidetza), ikuspegi kritikoa eta elkartasun internazionalista sustatuko dituena, hezkuntzaren etapa guztietan, bai derrigorrezkoetan eta bai derrigorrezkoak ez direnetan». Azaroaren 28rako Hezkuntza Plataformen Topaguneak deituta “Guk orain, hemen gure hezkuntza eraiki! Inposaketarik ez!” lelopean mobilizazioak izango dira lau hiriburuetan. Steilas prest dago elkarlanerako, adostasunerako eta Hezkuntza Sistema Propioaren bidean pausoak emateko. Baina gauzatu dezagun eztabaida balizko legearen aurretik. Zein zentzu du indarrean luzerako izango den lege bat lotu eta ondorengo eztabaidak? Nola ote da posible, guraso elkarteak, langileak eta beste eragile asko kontra izanda, Heziberri-ren bigarren faseari dagozkion dekretuak onartzea? Zergatik dute patronal ezberdinek adostasunik gabe jaiotzen den lege bat onartzeko horrelako presa? Zein zentzu du Lomceren aterkipean lege berri bat lotzeak? Ez dugu ulertzen eztabaidarik gabeko akordiorik, ezta akordiorik gabeko hezkuntza legerik ere. Ildo honetan, hainbat kooperatibak eta fundaziok duen izaera juridikoa dela eta, ikastetxe hauekiko pribilegiozko tratua salatu izan du Steilasek. Horren gaineko arrazoia eskatzen zaigu. Gure erantzuna gardena bezain zintzoa da: aukera berdintasuna, doakotasuna, ekitatea, laikotasuna, euskal herritar guztien hezkuntza duin baterako eskubidea, euskara eta hezkidetza. Hori bermatzeko modua: euskal eskola publiko bakarra, denona eta denontzat. Horra hor gure interes eta eredua. Horietan oinarritu behar baita gure hezkuntza sistema propioa, eta ez alderantziz. Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzea eta Hezkuntza Sistema Burujabea eraikitzea ez baita gauza bera. Propio hitzarekin eredu zitalak ezkutatu daitezke, Katalunian gertatu bezala, propio bezain merkatuekiko menpeko den eredua, edo propio bezain etnozentrista den eredua. Beraz, zein da hezkuntza sistema propio horren hezkuntza eredua? Guk gure hezkuntza nahi dugula esateak, eta hori hezkuntza eredu gisa aldarrikatzeak ez du, berez, hezkuntza eredu bat definitzen; hezkuntza sistema propioa nahi dugu, bai, baina ez edonolakoa. Ez dugu Hezkuntza Troikak inposaturiko eredu merkantilistarik nahi. Munduko Bankuak, Estatuko legeek edo Europako Batzordeak ezarritako irizpideetatik eta OCDEk erabakitako ebaluazio irizpideetatik aldentzen den eredua nahi dugu, Europa 2020 estrategiatik aldentzen dena alegia, herritar guztiengana hurbiltzeko. Hezkuntza herritarrengandik urruntzeko eta merkatuetara begira jartzeko estrategia honetarako, markoa eraiki dute Madrilen. Lomce lege klasista da eta berari aurre egiteko modua klasismoari aurre egitea da. Lomcek eta Heziberrik hezkuntza eredu merkantilista bat inposatu nahi digute; biek ala biek ikastetxeen arteko ezberdintasunak eta sistemaren desregularizazioa beharrezko dute aurrera egiteko, hori baita abiapuntua: sistema heterogeneoa izatea, hots, ikastetxe eta sare ezberdinak daudenez, bakoitzari nahi duena ematea, eta lorpen adierazleak tokian tokiko errealitateetara egokitzea. Hezkuntza sistemaren dibertsifikazio honek lehenengo eta bigarren mailako herritarrak sortu eta sortuko ditu. Errealitate ukaezina da hau. Steilasek ez du norabide horretan aurrerapausorik ematen duen legerik onartuko. Gogor salatuko dugu jendarte kohesionatu baten aurkako edozein ekimen. Eta gure Hezkuntzaren ganorazko eraikuntza egingo badugu, horixe dugu oinarrizko elementua. Bat eginen dugu norabide berean lan egiten dutenekin, betiere, inoiz gaindituko ez ditugun gure oinarrizko baldintzak zein diren garbi utziz. Aukera berdintasuna, doakotasuna, ekitatea, laikotasuna, euskal herritar guztien hezkuntza duin baterako eskubidea, euskara eta hezkidetza... Eta hori guztia bermatzeko modubakarra: euskal eskola publiko bakarra, denona eta denontzat. Horra horgure interes eta eredua.