Amaia EREÑAGA
BILBO
B

Vidarte: «Buruak erabaki du, bihotzak segitu nahi baitzuen»

Hiru hamarkadetan hainbat aurkezpen eta ekitaldi hartu dituen aretoan, atzo hedabideekin izan zuen hitzorduan hunkituta azaldu zen Juan Ignacio Vidarte, Bilboko Guggenheim Museoko zuzendaria. Vidarte badoa, kargua utziko du, bete duelako ziklo bat. Haren ordezkoari «tokiarekiko nolabaiteko senidetasuna izatea eskatuko zaio», argitu zuenez.

Zuzendaria, hiru hamarkadetan bere bizitza eta jarduna kiribilduta izan duen museoan.
Zuzendaria, hiru hamarkadetan bere bizitza eta jarduna kiribilduta izan duen museoan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Juan Ignacio Vidartek, Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak aspalditik zuen erreleboa emateko asmoa, baina pandemiagatik, batik bat, kargua uzteko erabakia atzeratzen joan da. Azkenean, bere zikloa bukatutzat ikusi duenean -1.300.000 bisitariekin museoak marka guztiak hautsi ditu, New Yorkeko Guggenheim museoko zuzendaritzaren buruan ere erreleboa burutu da...-, urte amaieran museoko zuzendaria izateari utziko diola iragarri zion ofizialki Guggenheimeko Patronatuari astelehenean.

Eta atzo goizean, bisitariez lepo zegoen museoan -batzuk, Puppyri argazkiak ateratzen, beste asko, ilara luzeak egiten museoaren barnean-, orain arte Bilboko Guggenheim Museoaren zuzendari bakarra izan denak hedabideekin hitzordua jarri zuen, behar ziren argitasunak emateko.

NAZIOARTEKO HAUTAKETA

Orain trantsizio garai batean sartu dira, zuzendari berria hautatu bitartean. «Nirea lehenengo etapa izan da: museoa sortu eta hedatu. Orain hurrengo batentzako unea da», argitu zuen Vidartek. «Buruarekin hartutako erabakia da, baina bihotzak segitzeko eskatzen zidan», aitortu zuen halaber, hunkituta, bere bizitza pertsonala eta profesionala titaniozko egitura honekin kiribilduta dagoelako. «Aldaketa hauek guztiz normalak dira, naturaltasunez hartu beharrekoak», garrantzia kendu nahi zion.

Zuzendari berriaren hautaketa prozesua ekainaren 3tik aurrera zabalduko da. Patronatuak batzorde bat izendatu du horretarako (erakunde fundatzaileek eta Vidartek berak osatuko dute, besteak beste), eta Berlinen dagoen nazioarteko enpresa baten laguntza izango du, kultura arloko zuzendaritza taldeak hautatzen espezializatuta dagoena.

Urrirako zuzendari berriaren izena izatea espero dute. Hortik aurrera Vidartek museoari lotuta jarraituko du zuzendari emeritu gisa.

Haren ordezkoak nolako profila izan beharko duen galdetu zitzaionean, ezaugarri bat nabarmendu zuen: «Kualifikazio maila eta lanbide esperientzia handia behar du izan, baina, batez ere, bere bizitza profesionalaren une berezi batean behar du egon, urte batzuk behar dituelako, 10 edo 15 urte, hemen proiektu bat garatzeko».

Izan ere, helburua ez da hurrengo hiru edo lau urteetarako erreleboa lotzea. «Lehen mailako profil profesional garrantzitsua izateaz gain, proiektu honen balioekin bat datorrena topatu nahi dugu, hori garrantzitsua da», esan zuen. «Instituzioek sustatutako museoa izanik, harremana izan beharko du edo behintzat ez zaio arrotz egin behar ingurua eta erakundeen arkitektura. Hau da, tokiarekin nolabaiteko ‘senidetasuna’ izatea eskatuko zaio, Guggenheim hiriaren eta herrialdearen enbaxadorea baita munduan».

«Euskarari dagokionez -galdetu baitzitzaion honi buruz ere-, euskara jakitea ez da baztertzailea izango, baina bai izango da garrantzitsua».

«OUTSIDER» BAT

Vidarte museo honen historiari eta ibilbideari erabat lotuta egon da. «Ni ‘outsider’ bat izan naiz, hasi nintzenean ez nuelako loturarik artearen munduarekin. Eta urte batzuen buruan Estatu espainoleko museo zuzendaririk beteranoena izatera iritsi naiz», aitortu zuen, beti erakutsi duen umore finez.

Juan Ignacio Vidarte (Bilbo, 1956) Guggenheim Museoari lotuta egon da lehen harria jarri baino lehenagotik. Bizkaiko Aldundiko Zerga eta Finantza Politikako zuzendari nagusia zen, 1992an Bilboko Guggenheim Proiektuaren Partzuergoko zuzendari izendatu zutenean. «Nik inoiz ez dut artearen munduan aditu bat izan nahi izan . Nire funtzioa ez zen nire gustuen araberako museo bat sortzea, orkestra martxan jarriko zuen orkestra zuzendari bat izatea baizik», ohartarazi zuen.

Sentibera -«burua alde batetik doa, bihotza beste batetik, eta talka egiten dute»-, 33 urte hauen balorazioa eskatu zitzaion: «Nire bizitzaren erdia baino gehiago museoari lotuta egon da. Pertsona eta profesional legez hazi egin nau, eta sekula ez nuen pentsatuko hau egitera iritsiko nintzenik. Oso eskertuta nago».

Urdaibairako proiektuari buruzko galdera ugari egin zizkioten, noski, berak bultzatu baitzuen BBKren Sukarrietako udalekuetan kokatu nahi zen proiektu hura, PSEko Gobernuak atzera bota zuena, eta egun polemika bizia sortzen duen Murueta-Gernikako proiektu berria. «Urdaibaiko museorako proiektua estrategikoa da Guggenheimentzat, eta indarrean jarraitzen du. Baina oraingoz ez dago argi berderik, erakundeen adostasun ezagatik. Proiektua posiblea da, baina ez da segurua», aipatu zuen.

UNE ERABAKIGARRIAK

Eskatu zioten ere berarentzat mugarria izan den une bat hauta zezala. Hau izan zen bere aukera: Richard Serra (San Francisco, AEB, 1939) eskultoreari eskatu zitzaion instalazioa, “Denboraren materia” izenburua duena. «Erabaki anbiziotsua izan zen, eta jauzi kualitatibo bat suposatu zuen museoarentzat, maisulan honek historiarako bi jeinu bildu zituelako bere baitan: Serra bera eta Frank Gehry», esan zuen.

Lortu ez zuen zerbait? «Iltzatuta geratu zaidan arantzatxoa Picassoren ‘Guernica’ museoaren inaugurazioan erakusteko ideia aurrera ez ateratzea izan zen. Galdu genuen aukera historikoa izan zen».

Bizi izan duen unerik gogorrena? «Ez dut asko pentsatu behar: Jose Mari Aguirre ertzainaren hilketa (ETAren atentatu batean, 1997ko urriaren 13an), museoko plazan, inaugurazioaren bezperetan».

Eta unerik politena, ba al du gogoan baten bat? «Une goxo asko bizi izan ditut, baina agian politena izan da nik aukera izan dudala proiektu hau bere hastapenetik hasi, oraindik ideia bat besterik ez zenean, eta errealitate bihurtzeraino eramateko».

PUNTU BELTZ AHANTZEZINA

2008an, ikerketa batzorde batean, Gasteizko Legebiltzarrak gogor salatu zuen Vidarteren kudeaketa txarra. Izan ere, 6 milioi euro galdu zituen dolarren salerosketa espekulatibo batean. Aldi berean, Roberto Cearsolo finantza zuzendariak 557.000 euroko iruzurra egin zuen. Orduan, EAJ bakarrik geratu zen Vidarteren defentsan.