Gaur8

Bazterretako ahots eta borrokak fokuratuko dituen dokumentala

Topatuk ekoiztuko duen “Zizelkariak” dokumentalak Euskal Herriko sei ertzetako pertsona banaren ahotsak jaso eta «periferietako» borrokak erdigunera ekarriko ditu. Diru-bilketa kanpaina bat abiatu dute ikus-entzunezkoa grabatu ahal izateko.

Arg.: Topatu
Arg.: Topatu

«Euskal Herriko periferia geografikoetan bizi diren sei gazteri ahotsa emango die Zizelkariak dokumentalak, ertzetako borroketatik Euskal Herri bat irudikatzeko». Halaxe deskribatu du Topatu atariak bere proiektu berria, “Zizelkariak” dokumentala.

Arkaitz, Ezkerraldeko Harian gazte prekarioko kidea; Edurne, Tuterako Erribera Intsumisa talde feministako kidea; Maika, Aldudeko Ibarrean etxebizitzaren gaia lantzen duen AIBA taldeko kidea; Martta, Donapaleuko euskalgintzan eta kulturgintzan ari den gaztea; Ibai, Irunberriko musikaria eta musika talde gazte ugaritako kidea eta Jon, Arabar Errioxako gazte asanbladako kidea izango dira dokumentaleko protagonistak.

Sei gazte hauen testigantzen bitartez, Euskal Herriko ertzetako herrietako errealitatea nahiz bertako gazteek egun dituzten borrokak fokuratu asmo ditu "Zizelkariak" dokumentalak.

Topatuk ohar bidez agertu duenez, hiru dira dokumental honekin erdietsi asmo dituzten helburuak: eraikuntzaren eta «inurri lanaren» garrantzia azpimarratzea, periferietako borrokak erdigunera ekartzea eta Euskal Herria «irudikatzea», berau «eraikitzeko zein bide, helburu... ditugun erakusteko».

Diru-bilketa

Dokumentalaren gastuei aurre egin ahal izateko, crowdfunding kanpaina abiatu dute Itsulapikoa atarian. Gutxienez 4.500 euro lortu behar dituzte ikus-entzunezkoa ekoizteko. Ekarpenaren arabera, diru emaile bakoitzak sariak jasoko ditu, tartean, “Zizelkariak” dokumentala.

Durangoko azokan jarriko duten stand-ean banatuko dituzte ekarpena egin dutenei dagozkien opariak.