Gaur8

Hezkuntza, komertzioen biziberritzea eta egurrezko jolas parkea, MartxUP!-en hirugarren edizioan

MartxUP! ekimenaren hirugarren edizioan lau proiektu garatuko dira, Donostiako Udalarekin lankidetzan. Proiektu horiek gai hauek landuko dituzte: bizitza osorako pentsatutako hezkuntza-proiektua, bizilagunen artean diseinatutako parkea, saltzaileentzako salmenta-plataforma digitala eta eskolaz kanpoko akademia, haurren eta gazteen arteko jarrera kritikoa garatzeko.

Ane Chueca eta Irati Seijo, "(h)aritu" proiektuaren sortzaileak. (MARTXUP!)
Ane Chueca eta Irati Seijo, "(h)aritu" proiektuaren sortzaileak. (MARTXUP!)

Donostiako Udalak azaldu duenez, lau proiektuak bat datoz MartxUp! ekimenaren helburuekin, uztiek proposatzen baitute «gazteek hirian pentsatutako proiektu eraldatzaileak abian jartzea eta parte-hartzea nahiz ikuspuntu kritikoa sustatzea».

Covid-19ren alarma-egoera dela eta, proiektuak bideoan aurkeztu zaizkie saileko arduradunei. MTA-Mondragon Team Academyrekin egindako hitzarmenari esker, parte-hartzaileek trebakuntza jaso dute Belle et Pop, Antigua auzo hezitzailea, Añorgako Parke Naturala eta Mundu proiektuak egiteko.

Prozesuan zehar Udalaren ekarpenak ere jaso dituzte eta etorkizunean lankidetza nola garatuko den aztertu dute. Testuinguru horretan, Donostia Gazteriak lau proiektuak lagunduko ditu diruz.

“Antigua, auzo hezitzailea” proiektuaren kasuan, Ane Chuecak, Irati Seijok eta beste hiru pertsonak '(h)aritu' osatu dute, eta haren asmoa da «hezkuntza-prozesuen diseinua eta kudeaketa garatzea, hezkuntza, pedagogia kritikoa, arkitektura, parte-hartzea, feminismoa, jasangarritasuna eta prozesu kolektiboak konbinatuz».

Beste proiektu bat “Parke naturala” da. Eneko Sierra eta Maddi del Campo proiektu berri bat sortzen ari dira Añorgako Kultur eta Kirol Elkartearekin, herriko nerabe eta gazteekin batera auzoan egurrezko parke berri bat sortzeko.

Bestalde, betiko komertzioen galerarekin kezkatuta, Natalia Salaberrik eta Estitxu Alzurik Belle et Pop proiektua sortu dute MartxUP!-en baitan. Ekimenaren bidez, «denda tradizionalen bizipenak batu eta hiriaren berezitasun eta bizigarritasunari eutsi nahi diote». Horretarako, salmenta digitalerako plataforma bat sortuko dute Donostiako merkatarientzat, bai bertako bezeroentzat bai nazioartekoentzat.