GAUR8

Mezu bat balkoietan, indarkeria sexista pairatzen dutenei laguntza emateko

Indarkeria Sexistaren aurkako Matazak Mugimenduak egoera zaurgarrian dauden emakumeei hurbiltasuna erakutsi eta «gure laguntza» dutela adierazteko ekimena jarri du martxan. Herritarrei 30 zentimetroko zabalerako pieza ehundu eta balkoian jartzeko deia egin du.

Indarkeria sexistaren aurkako ekimena Astigarragan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Indarkeria sexistaren aurkako ekimena Astigarragan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Matxismoa edozein egoeratan azaltzen bada ere, bistakoa da Covid 19aren hedapena gelditzeko beharrezko konfinamenduak arriskuak areagotzen dituela indarkeria pairatzen duten emakumeen artean, biktima eta erasotzailea batera eta itxialdian bizitzera behartuta baitaude.

Egoera horren aurrean, emakume horiei bakarrik ez daudela eta «gure laguntza dutela» adierazteko ekimena jarri du martxan Indarkeria Sexistaren Aurkako Matazak Mugimenduak.

«Ideia da 30 zentimetroko zabalera eta nahi den luzera duen pieza bat ehuntzea» eta balkoietan eskegitzea. Era horretara, «bakarrik ez daudela eta gure laguntzarekin kontatzen dutela» adierazi nahi da.

Ohar batean azaldu dutenez, NBEk berak ohartarazi du krisialdietan genero ezberdintasunak okerragotu egiten direla eta horrek zuzenean indarkeria kasuen igoeran eragiten duela. Konfinamenduak arriskuak eta indarkeria kasuak areagotzen ditu, ihes egiteko aukerak zailtzen dituen heinean.

Etxean eta prostituzio egoeran daudenak

Prostituzio egoeran dauden emakumeen egoera aipatzen du Matazak Mugimenduak, kutsatzeko duten arriskua handiagoa baita. Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen egoera ere jarri du mahai gainean, egun osoan zehar erasotzailearen ondoan egotera behartuta baitaude.

Arriskuak, gainera, handiagoak dira laguntza eskatzeko edo salaketa jartzeko zailtasunak ematen diren konfinamendu egoera honetan. Horregatik, berebiziko garrantzia du nabarmentzen dutenez, ingurukoek, senitartekoek, auzokideek eta lagunek esku hartzea.

Konfinamenduaren ostean, Indarkeria Sexistaren aurkako Matazak Mugimenduak balkoietan egon diren ehun zati horiek biltzeko deia egingo du, indarkeria sexisten aurkako lazo handiena eta nazioartekoa lortzeko.