GAUR8

Durangaldeko eskola zaharren irudi eta materialen bila ari da Gerediaga Elkartea

Gerediaga Elkartea hezkuntzarekin lotutako antzinako objektu eta irudien bilketa egiten ari da eta horretarako Durangaldeko herritarrei luzatu die laguntza eskaera. Bildutako materialarekin Ondarearen Europako Jardunaldien 20. urteurrena ospatzeko ekimenen artean erakusketa ibiltaria antolatu nahi du udazkenerako.

Eskola giroko duela urte batzuetako irudia. (Gerediaga Elkartea)
Eskola giroko duela urte batzuetako irudia. (Gerediaga Elkartea)

Ondarearen Europako jardunaldien 20. urteurrena ospatzen da eta, aurten, “Hezkuntza eta ondarea” da gaia, Gerediaga Elkarteak ohar batean azaldu duenez. Erronka hori kontuan hartuta, osasun egoerak baimentzen badu udazkenean erakusketa bat antolatu nahi du elkarteak eta horri begira herritarren laguntza eskatu du materiala biltzeko.

Erakusketa lantzen ari diren programa baten atal bat baino ez da izango. Oraingoz zehaztapen gehiagorik ez dute eman. Azaldu dutenez, programa horren diseinuan ari dira lanean eta horren barruan erakusketa ibiltari bat egitea dute buruan.

«Orain urte batzuetako material bilketa» egiten ari da Gerediaga Elkartea eta herritarren laguntza eskatu du irudi eta eskolan erabilitako objektu ezberdinen bilketarako, erakusketari begira.

Ariketa-koadernoak, motxilak...

Zehaztu dutenez, behar diren materialen artean eskola giroa erakusten duten irudiak daude, «70. hamarkadakoak eta atzerakoak». Geletako irudiez gain, «liburu, ariketa-koadernoa, arkatz, estutxe, motxila, poltsa...» bezalako objektuak bilatzen dituzte, baita eskolako amantalak edota uniformeak ere, besteak beste.

Gerediagak zehaztu duenez, espero dute ofizio-eskoletan erabiltzen ziren materialak ere lortzea eta orokorrean hezkuntza munduarekin lotutako beste edozein objektu.

Aipatutako material horren berri duena «gerediaga@gerediaga.eus» posta elektronikoaren bidez harremanetan jarri daiteke elkartearekin, baita egoitzako telefonora dei eginez ere.

Europa mailan estatu ezberdinek hartzen dute parte ondarearen jardunaldi hauetan, baita Euskal Herrian ere herrialde eta herri mailako hainbat erakunderen parte hartzearekin.