GAUR8

Telebista eta Internet kontsumoaren errekor historikoa apirilean

Apirilean, konfinamenduaren asterik gogorrenetan, adingabeak oraindik kalera ateratzen ez zirenean, telebista eta Internet kontsumoaren errekor historikoa gertatu zen: Bost ordu eta 28 minutu telebista aurrean pertsonako eta eguneko; eta hiru ordu eta hamalau minutu interneten.

Telebista eta internet kontsumoak, gora.
Telebista eta internet kontsumoak, gora.

Carmelo Garitanoandia Kazetaritzako irakaslea da, EU Kids Online nazioarteko ikerketa-taldeko kidea eta baita Safer Internet Center europar proiektukoa ere. EHUren Campusa aldizkarian laburtu ditu 2020ko apirilean eta maiatzean egin dituzten neurketen laburpena. Datuak esanguratsuak dira oso; itxialdiaren egunik eta asterik gogorrenetan telebistaren eta interneten kontsumoak ertz oso nabarmenak marraztu baitituzte, errekor historikoak hain justu. Pertsonako eta eguneko bost ordu eta 28 minutu telebistaren aurrean eta interneten nabigatzen hiru ordu eta hamalau minutu pertsonako eta eguneko.

Interneteko erabiltzaileek eguneroko denboraren herena baino pixka bat gehiago eman dute ikus-entzunezko edukiak ikusten, batez beste 17 bideo pertsonako eta eguneko. Ordainpeko telebistaren kontsumoak ere errekor historikoa hautsi zuen eta pantaila kuotaren % 27,2ra iritsi zen. Era berean, konfinamendua garrantzitsua izan da etxe askok Netflix, Amazon Video, Disney + edo Filmin bezalako plataformak kontratatu ahal izateko. Bestalde, Netflixek, Googlek eta Amazonek (beste hiru plataformekin batera) Interneteko trafikoaren %43 baino gehiago kontsumitzen dute, eta Netflixek kontsumitzen du gehien, trafiko osoaren %12,6. Apirilean, telebistaren audientzia metatua 35,4 milioikoa izan zen, eta “online” bisitariena 31,7 milioikoa.

Telebistako kontsumitzailearen profilak eta Internet bidezko bideoenak alde gutxi agertzen dituzte generoari dagokionez. Aldiz, alde horiek oso esanguratsuak dira adinari erreparatuz gero. Telebistako ikusleen erdia 55 urtetik gorakoak dira, eta interneteko bideo kontsumitzaileen %75 adin horretatik beherakoak.

Asteek, alarma-egoerek eta faseek aurrera egin ahala, jendartean deseskalada gertatu den neurrian, kontsumoan ere deseskalatzea gertatu da eta datuak itxialdiaren aurreko datuetara hurbildu dira.